Hotza zetorren larunbata, urdin zegoen zerua, berokiak goraino itxita zebilen kalean jendea. Urduri nengoen, pozak, metroa iristeko bi minutu falta ziren. Nasan zegoen jendeari begira eman nuen denbora. Banekien eguerdi arte ederra neukala zain. Victor Ericek El Sur filmeko plano batzuk grabatzeko erabilitako tabernan geunden geratuta. Itxita egoten da gu joaten garen bakoitzean, eta halaxe zegoen joan den larunbatean ere. Urrutira ezagutu nuen, keinu egin nion, bizkortu egin zitzaidan pausoa. Besoen artera amildu nintzaion, euskaraz dakiten besoak behar nituen.
Eguzkitan eserita zegoen jendea, berriketan, eta geuk ere mahai bat hartu genuen larunbataren magalean. Konturatzerako kontu-kontari ari ginen, bion artean sortutako aspaldiko asmo hari berriz heltzeko gogoa azaldu nion, ekarri behar ditugula akordura gure bizitzetan hain inportanteak izan diren hitzak eta liburuak, kontuak eta kantuak, aldarrikatu behar dugula euskarak egiten gaituela, kulturak bizi gaituela.
Kalean gora hartu genuen, jende artean galdu ginen, kantuaren aldarria hasi zen egiten, ereserkien beharra. Bat-batean, Leoncio azaldu zen kale-kantoitik, kantuan: «Egun da abenduaren lehena, bi mila eta zortzikoa».
Jira
Kantuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu