Beti beste nonbait beharko nukeen irudipena ez dit ezerk kenduko honezkero. Nagoen lekuan nagoela, noan lekura noala, beti beste nonbait egon beharko nukeela sartzen zait buruan, barruan, eta barruko tristura sartzen zait, bizi izan ez ditudan eta biziko ez ditudan bizitza guztiengatik, baina batez ere, neure bizitza bakar hau ez dudala ondo bizi sartzen zaidalako buruan, barruan, beste nonbait behar nukeela, beste zerbait egiten, beste baten batekin, eta denbora badoala sekula ez itzultzeko, gaur dela azkena, egunero bukatzen dela mundua.
Ez dakit ametsa esna aldiaren ifrentzua den, edo esna aldia ametsarena. Biak dira gaiztoak batzuetan. Etorkizunaren tiraniak zaramatza azpian hartuta, baina iragana da beti gainera datorrena: neska haren aurpegia, ile xerloak, lepo biluzia. Eta atzean eguzki izoztu bat lainoen atzean. Gurasoek aireportura eramaten ninduten txikitan, hegazkinak aireratzen ikustera. Eta hor zaude zu, galtza motzetan, Orlyko nasan.
Gero gaur da: Chris Marker hil da. Olinpiar Jokoen berri dakar egunkariak. Munduak oporrak behar ditu, eta nik ere bai. Aireportura joango naiz, hegan egitera. Beti beste norbait beharko nukeen irudipena ez dit inork kenduko honezkero.
Jira
'La Jetée'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu