Ezer ez da bukatzen erabat. Ahaztu egiten zara, ahaztu egiten duzu, ez besterik. Baina behin gertatua betirako da gertatzen. Ezin atzera egin, ezin iragana aldatu, ezin damutu parregarri sentitu gabe. Zeurea zen erabakia, ez dago aitzakiarik. Izan zitezkeen mundu guztien artean bakarra da orain bizi duzuna. Eta mundu bakarra itogarri egiten bazaizu, beti dago beste munduetan zein zorigaiztoko izango zinen pentsatzeko aukera. Batez ere, negarrik ez. Jendaurrean ez behintzat. Ez dute halako ikuskizun penagarririk merezi. Bizirik zaude, nahiz batzuetan hilik eta esna sentitu, zonbi, gizon, gatibu zeure baitan, ezin beste edozein izan, ezin beste bat izan, ezin beste zeu izan, ezin zu zeu izan; bizirik zaudela esan dugu, ahal bezain ongi profita. Dena da luzakizuna.
Ezer ez da bukatzen erabat. Are, behin gertatua betirako da gertatzen. Beha ezazu leihotik. Ume bat dabil parkean, jertse gorri polit bat jantzi dio amak. Bizi osoa dauka aurretik. Lainoa sartu du Izarraitzen. Poztu zaitez: sekula ez diote jarriko zure izena kale bati.
Beha ezazu leihotik. Ume bat dabil parkean hitzak harrapatzen. Hilda hobeto ikusten da zeinen ederrak ziren. Ederra da luzakizuna. Dena da luzakizuna.
Jira
Luzakizuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu