Noizkoa da mundu hau, noizkoa da zine areto hau. Eta hala ere, ez zen zine aretoa, ez zen lekua, ez zen leku hartan jazotakoa, ez zen historia, jendeen bizimodua, ez zen hori. Bestea zen gogoa bahitu zidana, gauzen izatea bera, gauzen presentzia; filma amaitu ondotik ene begiek gauzak ikusten zituzten, materia, materia hutsa: belusezko butaka gorriak, zoruko zura ilun, zurezko ate sendoak, hormetako iztukatura urdinkara.
Kalerako bidea hartu nuen, eskaileretan behera, oinekin ukitzen dugun lurra memorian daramagula pentsatuz. Fakultatekoak etorri zitzaizkidan, harrituta geratu nintzen, harrizkoak ziren, eta urteetako ikasleen gora-beherek higatuak sentitu nituen hankapean, lakar, noizkoa da mundu hau.
Filmean agertzen ziren gauzak hasi nintzen ekartzen gogora, ez derrigor organikoak, gehiago hunkitu ninduten trasteek, igeltseroaren erremintek, kristalezko basoek, metalezko sakotontziak, telebistak, oheak, armairuak, Slawomir Mrozek idazlearen ipuin batean nengoen, gauzen izaera ezartzen zaizu, gelak forma ematen dizu.
Konturatzeke iritsi nintzen barrukiak saltzen dituzten dendaraino. Txerri-hankak, mingaina, tripakiak, tripotxak, gibel-erraiak zeuzkan, garbi-garbi eginda.
Jira
Materia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu