Xabier Gantzarain Etxaniz.
Jira

Munduetan

2012ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Nor bere munduan bizi da; herri berean, kale berean, etxe berean, ohe berean lo eginagatik, nor bere munduan bizi da, eta handik ulertzen ditu beste mundu guztiak, handik hasten da besterenganako bidea, handik hasten da konturatzen ez dela hain desberdina, edo bai, oso bestelakoa dela bere mundua, eta handik hasten da erabakitzen zer egin, besterengana hurbildu edo bere barnera bildu, eta handik hasten da hazten.

Zer hazten da jada ez denean ezer hazten?

Sudurra eta belarriak, esaten dute. Ilea eta azazkalak, hilda gero ere.

Nor bere sudurrean bizi da, nor bere belarrietan, nor bere begietan, nor bere ahoan, nor bere gorputzean: nor bere munduan bizi da. Eta mundu horrek besteren munduarekin zer lotura duen hasten da bilatzen, zer partekatzen duen, zer den berdina beretzat eta auzoarentzat, zertan jar ote daitezkeen ados, zertan ez diren bat etorriko, zertan den bat eta bera bien mundua. Eta komunitate bat eraikitzen joaten da jendea, hildakoekin, fikziozko pertsonaiekin, bere eguneroko mundutik hain urruti daudenekin, ezezagunekin. Eta holaxe joaten da hazten norbere mundua.

Akaso ez, akaso ez da nor bere munduan bizi, nork bere mundua bizi du, nor bere munduak bizi du, akaso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.