Jira
Nahia
Larrua behar dela esango didak, euskaldunei neure euskaldun larruaz ohar daitezen eskatzeko, negarrean ari naizela ni ere, erretxinduta nabilela, jendeak ez duelako irakurtzen, ez duelako erosten niri derrigor irakurri beharrekoa iruditzen zaidana, baina baheki hori zein urrun dagoen nire ametsetik, hori baino xumeagoa duk ene nahia, euskaraz baizik ez zekien jendarte batean hazi ninduan, mintzatu bai, baina ez zitean euskaraz irakurtzen, ez zekitean, hik badakik zer den hori, ez zekitean, erdaraz bai, idazten eta irakurtzen, baina euskaraz ez, eta hala ere, euskaraz bizi hituen, gero gu etorri gintuan, ikastolan ikasi genian dakigun apurra, batxilerrean ikasgai batzuk espainolez ematen zizkigutean bestela ez genuelako ikasiko, ez ginelako moldatuko, gaztigu eman zigutean, hor kanpoan munduak ez daki euskaraz, eta espainolez hasi gintuan ikasten, eta ondo, baina geure gurasoen antzera bukatu diagu azkenean, euskaraz hitz egiten diagu, euskaraz mintzo duk gure jendartea, baina nahiago diagu espainolez irakurri, zaila egiten zaiguk oraindik, ez gaituk saiatzen, ez zeukaagu kontzientziarik, ez gaituk konturatzen gure larruaren beltzaz. Euren euskaldun larruaz ohartzea nahiko niake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu