Jira

Nahia

Xabier Gantzarain Etxaniz.
2011ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Gerorako utzitako ekintza atzeratu horiexetan bizi naiz, biharko pozean. Zerrendak egiten ditut, ezagutu nahi ditudan lekuenak, esate baterako, eta mapetan galtzen naiz, Bamako bilatzen dut, Wikipedian sartzen naiz, zenbat biztanle, zenbat hizkuntza, hozberoa, Valparaiso bilatzen dut, ederra behar du izen horrekin, Delhi bilatzen dut, zoramena izango da, Puerto Angel bilatzen dut, nola egin nezake harakoa? Eta hantxe geratuko banintz?

Auzoa irudikatu dut, non ibiliko ote da, zer esango lidake? Joatea duk onena, han baliagarri hintzateke akaso, hemen ez hau inork behar, idazten dakik ozta-ozta, eta hori ere ez oso ondo, ez haiz moldatzen, ametsetan galtzen haiz; begira egiok munduari, ez duk gelditzen, ez dik denborarik galtzen ametsetan, ekin egiten ziok, ekin eta jarrai, gogor lan egiten dik, eta egunari zukua ateratzen zekik, nekatuta oheratzen duk merezitako deskantsua hartzera, eta ez duk bizi biharko pozean, ireki itzak belarriak, munduak egunero egiten dik oihu: gaur, gaur, gaur!

Gauza asko egin dut gaur: ezagutu nahi ditudan lekuen zerrenda egin dut, irakurri nahi ditudan liburuena, ikusi nahi ditudan pelikulena. Nahi dudana eta behar dudana bereizten hastea erabaki dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.