Xabier Gantzarain Etxaniz.
Jira

Nahita ere

2012ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Eta bakoitzean hasieratik hasi beharra irudituko zaizu miragarriena, bihotzak krak edo hezurrek plat egingo dizuten jakin gabe ekitea egunari, zer gertatuko den imajinatu ere egin gabe, zerua ikusi urdin, axola ere ez gehiegi, edozer da ur geldo usteletan itotzea baino hobea, taupa eta punpa ari zaizu turista bihotza, beti daramazu kamera aldean, zer edertasun ikusteko modua emango ote dizu egunak gaur, eta zer ahaztuko duzu ia bizi ere egin gabe?

Eta holaxe mundu guztia, egunero hasieratik hasten, holaxe belaunaldi oso bat, ezinbesteko adanismoak horretara jarria, turista bihotza punpaka, dena miresgarri dena alferrik, bakoitzean hasieratik hasi beharrak jota, dena irakurri, dena pasa galbahetik, zakarrak apartatu, balio duena gorde, dena esan berriro. Eta holaxe mundu guztia, zaharra berritzen, berria zahartzen, zikloak betetzen, egunero hasieratik hasi beharrak liluratuta.

Baina bakoitzean hasieratik hasi beharraren lilurak ez du ezkutatuko zaputzaren itzela, dezepzio sakon bat: zuk bizi izan duzuna, zure belaunaldiak bizi izan duena ez dagoela, nahita ere, ondorengoei pasatzerik; zuk ezagutu duzun mundua zurekin hilko dela, eta gerokoek ez dutela oroituko behar dutena besterik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.