Trenaren zain nengoen. Atzean utzi nahi nuen ezer aldatzen ez delako irudipena; nigan bizi da negua, bere egun motz, bere haize hotz, bere eguraldi muzinarekin. Neu naiz isiltasun ilun honetan bizitzea deliberatu duena. Leku ezezagunetara heltzeko bide ezezagunak hartu beharra egoten da. Baina leku ezagunetan ikusten dut jendea laketzen; etxeak ari dira jasotzen Matadeixeren ondoan, ez dut galdetu zenbatean, leloa geratu zitzaidan gogoan: etxean bezala inon ez.
Leku ezagunetan ikusten dut jendea laketzen; seme-alaben asteburuetako kirol talka goiztiarretan bilatzen dute irabaztearen poza, edo galtzaile bakarrak ez izatearen kontsolamendua. Parte hartzea da garrantzitsuena, beti izan da irabazi, guri esaten zizkiguten gezur berak esaten dizkiete oraingo haurrei. Zenbat guraso ikusi duzu semeak edo alabak galdutakoan saltoka, pozak, oihuka, ospatzen?
Ibon Arrizabalagaren gutuna neukan gogoan: «Jendarte kapitalista batean hezi gara. Haren produktuak gara, gustatu ala ez.»
Eta pentsatu nuen baietz, ados nengoela, haren produktuak garela, produkzio kate baten emaitza, uneoro geure burua ahalik eta garestien saltzeko gertu, erosleak limurtzeko lanean. Jendartea? Hori ez daukat hain garbi.
Jira
Negua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu