Xabier Gantzarain Etxaniz.
Jira

Normalidadea

2012ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Geurea ez balitz bezala oroituko dugu iragana laster; efemerideak egingo ditu baten batek, gertaerak gogoratuko dizkigu, halako jazo zen gaurko egunez, eta zure lehen hitzak beti izango dira berberak: hainbeste urte pasatu al da? Saiatuko zara non zeunden gogora ekartzen, zeinekin, baina nola, apartekorik ezer ez bazitzaizun gertatu sasoi hartan, nola lotu beste zerbaitekin, uztaila izango zen orduan ere, auskalo non ote zenbiltzan, hasia izango zinen akaso haitzetara joaten, zoriontsu zinen han, mundutik aparte, biluzik, baina ez zenuke asmatuko esaten zer egin zenuen gaur hamabost urte.

Neurea ez balitz bezala oroituko dut iragana laster. Beste batena, beste guztiena, edozeinena, inorena ere ez; jenderik gabea izango da, edo jendeak beteko du argazki zaharretan betetzen duen funtzio bera: garai baten erakusgarri izango dira, arropa, orrazkera, betaurreko, ez garai hura egin zuen jendea. Lemoizko zentral nuklearraren aurkako ekintzak dauzkat buruan, orduko argazkiak, hasten zara begira eta arropak harritzen zaitu, orrazkerak, bizar sarriek, eta autoek, eraikinek. Mamuak dira, oraindik bizirik egonagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.