Aldi du orainaldiak, harro dabil, lainezak hartuta, bera da protagonista bakarra, ez dago besterik, ez iraganik ez etorkizunik, orainaldi gizen batean esnatzen zara beti, orainaldi puztu batean, ezerk ez du neurririk, ez azukreak eta ez beldurrak, ez euforiak eta ez malenkoniak, ez dago atsedenik, egunak ere ez du neurririk, promesa da aurretik, eta gero ezer ez, oharkabean zapaldutako astaputza, munduak ere ez du neurririk, gora eta behera dabil etengabe, zorraren grafikoak dira gure elektrokardiogramak, pantailara begira bizi gara, aldigaiztoa noiz egingo zaigun beldurrez.
Aldiak izaten dira.
Eta orainaldiak ez daki ezer historiaz, ez daki atzera begiratzen, ez du ezer jakin nahi, ez du nahi arrazoirik, ez du nahi ardurarik, egunean egunekoak eta unean unekoak betetzen du; hori iragana da, utzi atzean, esaten dizu, gero gerokoak, esaten dizu, bihar ere argituko du. Eta hor dator bera, aldi du, harro dabil, oparo dator, denetik du asko. Dena dauka zuri eskaintzeko, dena dauka saltzeko, eta dena prezio onean: poza lanean, glamour tanta batzuk kalean, edertasuna azalean, zoriona etxean, plazera ohean, lasaitasuna denean. Dena eskura berehala, dena prezio onean.
Aldiak izaten dira.
Jira
Orainaldia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu