Eta atzo bertan, berriz, telefonoak jo zian, emakume bat, egun on, osasunari buruzko ikerketa bat ari gara egiten eta galdera sorta bati erantzuteko astirik izango ote zenukeen jakin nahi nuke, zenbat denbora, hamar bat minutu izango dira egia esanda, bota ba, jakin behar diat ba ze galdera egiten dituzten. Hasieran amultsu hasten dituk, zenbat urte dauzkazu, zer moduzko osasuna izan duzu azken urte honetan, oso ona, ona, nahiko ona, badakik, txarrik ez batere hasieran, ona esan nioan, zer egin behar nian ba, ezin ba hasi nire kezka guztiak azaltzen, ez duk medikua, telefonoz inkestak egiten dituen pertsona bat duk, laukitxoak betetzen imajinatzen nian, gosaltzeko zerealak eta fruta ale bat, lana sedentarioa, kirolik bat ere ez, bueno, dantza egitera joaten naiz astean behin, ah, dantza kirol-ekintzetan daukagu, ea, halterofilia, boxeoa, hemen dago, areto dantza. Gero galderak bihurritzen hasten dituk: haurdun daudenen ondoan erretzea ondo dagoela iruditzen al zaizu? Malformazioak eragiten dizkiela uste al duzu? Bihotzekoak eragiten dituela uste al duzu? Zein uste duzu dela heriotza gehien eragiten dituena: tabakoa, alkohola, auto istripuak?
Suizidioa ez al daukazue zerrendan?
Jira
Osasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu