Lanetik beranduen ateratzen den lagunaren bulegotik gertuko taberna batean elkartu gara, Iturramako Manneken Beer delakoan. Garagardo pitxerdi bana hartu eta mahai batean eseri gara. Berehala abiatu dugu solasen gaitegi ohikoa.
Batek kontatu du Sony konpainiak adierazpen bat atera duela abisatuz beren telebista puntakoenek, SmartTV delakoek (hemen azaldu du ahotsez kontrolatzen direla, edo txalo bat emanez —eta txalo bat eman du, adibiderako, eta tabernako asko isildu dira eta guri begira jarri—) beraien aurrean izandako solasak erregistratu eta kanpoko norbaitengana irits daitezkeela, kontuz zer esaten den haien aurrean. Gure arteko beste batek haietako bat omen du.
Ondoko mahaikoak euskaraz ari dira; gu, erdaraz. Bat guri zeharka begira hasi da nire lagunetako batek, Gobernuan lan egiten duenak, hauteskundeen gaia atera duenean. Mendietako herrietan jendea behar dute, presio nazionalistari aurre egin eta zerrendak osatzeko. ETAk lehenago, orain ondorengoek, baina beti kaka berdina.
Eta Erriberan ez du inork presiorik egiten? Hau ez dakit nik pentsatu dudan edo ondoko mahaitik begi bazterrez so dudan Angel Errok, ezertaz ezagutu ez, noski, baina bihar aterako nauenak egunkari nazionalista horietako batean.
JIRA
Sony
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu