Jira

Sor

Xabier Gantzarain Etxaniz.
2011ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Epiteto arranditsuak ezarri zaizkio egunari, mila, zein baino zein; berripaperei erreparatu besterik ez dago: Historia aldatu zen eguna dela esaten dute, mendeari eta milenioari hasiera eman ziona, hori eta askoz gehiago esaten dute, eta orduko argazkirik onenak ekarri dizkigute gogora egunaren garrantzi sinbolikoa indartzeko. Denak dira argazki onak: hegazkina zerua urratzen dorrera zuzen, eztanda, sua eta kea, jendea bere burua botatzen, dorreak goitik behera jausten, eta hautsa, hauts grisa dena estaltzen. Denak dira onak, eta denak alferrik.

Egun hartan atera ziren argazki guztietatik, bada bat, hamar urte joan direnean, kazetarien epitetoei beroarena kendu eta tragediaren tamaina ondo erakusten duena. Thomas Hoepker fotografoak egin zuen, Brooklynen, eta ez zuen erakutsi bost urte pasa ziren arte.

Bost gazte ageri dira lehen planoan, bost lagun eguzkitan eserita; atzean ibaiko urak ikusten dira dirdai, eta atzerago Manhattan, etxe orratzak, eta kea beltz, gorantz. Zerua urdin dago. Euren bisaietan ez da ikusten minik, harridurarik, kezkarik, hizketan ari dira, lasai daudela ematen du.

Neu ere halaxe egon nintzen, telebistari so, munduari sor, ikuskizunak iraun zuen bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.