Uretan sartu nintzen, jubilatuaren besoak ikusten nituen uraren azala makal kolpatzen, barrura sartzen, uretako erroten antzera mugitzen besoak atzerantz, hankei eragiten ahal bezain azkar, hau da, mantso; sortzen zituen burbuiletan jarri nuen arreta guztia, bati jarraitzen nion desegin arte, gero beste bati, gero beste bati. Bitartean matrailak puztuta nengoen ur azpian, miopiarik zuzentzen ez didaten betaurrekoak jantzita, ertz batean, hanka bana paretei itsatsita, berrogeita bost angeluko gradua osatuz, besoekin ur azpian mantentzeko indarra eginez.
Konpartsak gara?
Geldoen kalea gustatzen zait igerilekuan, ikusi egiten ditut hurbiltzen, ezinean bezala ari dira baina ez dute etsitzen, arnasa estutzen zaie, batzuetan kolpeka egiten dute igeri, kostatu egiten zaie ertza iristea, deskantsu hartzen dute, hor egoten naiz ni, urpean.
Azaleko ura erabat lurrundu aurretik joan nintzen hiztegira. Italieratik dator antza konpartsa hitza, eta azaltzearekin dago lotuta, nire buruak mozorroekin eta inauteriekin lotzen zuen arren. Eszenan azaltzen den figurante bat da konpartsa, sartu-irtena egiten duena, estra bat. Azaldu egiten da, baina ez du hitzik egiten. Ez du inork kontuan hartzen.
Jira
Subalternoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu