Milenioaren hasieratik honainoko tarte bera dago 1988ra ere, baina idatzi urtea, 1988, eta iragan galdu baten zifrak direla ematen du, hobea kasik kontu baten kodea izateko, beste ezertarako baino: 1988, Nico hil zen urtea, eta Carver, eta Basquiat, eta Chico Mendes; Azkoitiko liburutegian 24 urtean irakurle baten zain egon den O Tempora! O Mores! argitaratu zuen Pamielak, Eduardo Gil Berarena. Horretarako ere badaude liburutegiak.
Zertarako dira ba liburuak ez bada gure bizitzak aldatzeko?
Ez zen Twiterrik orduan, baina bai egunkarietako zutabeak, eta neuretzako idatzia balego bezala hartu nuen, nahiz eta berez gutako edozein izan jo-puntuan: «Egungo gizakiak gehiago lantzen du bere kontzientzia, sozialagoa da iduri. Gauza gehiago errateko prest egon behar du.» Ez nekien ondo non sartu nintzen. «Honek ahalegin gehiago eskatzen dio, honek arruntagoa egiten du, makurragoa.» Zergatik egiten nau ba makurragoa? «Dagoeneko, kontzientzia landu eta prestatu behar baitu, asti osoa taldeari zor dio.»
Lana hartu nuenean esan zidatena etorri zitzaidan gogora: dena jango dizu honek, dena baliatuko duzu lan honetarako, familia, lagunak, maiteak, edozein eta edozer.
Asti osoa taldeari zor dio.
Jira
Taldea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu