Tartekoak egiten gara mundua eta biok, baina batzuetan ez dugu elkarren berri jakin nahi izaten, neure leizeetan barneratzen naiz ni, umelak dira, hotzak dira, ia-ia bakardadea bezain, labaina dago lurra, paretei helduta egiten dut aurrera, lokatza artean itota kausitu ditut aspaldiko maitasunak, etorkizunaren irrika gozoa, egun joanetan egin gabeko argazkiak, ahaztuko ez nituela uste nuen momentuak, bezperako zopa lodi eta hotza ematen du, ez da ikusten ura, lurretik dator, sabaitik dator, paretei darie, distira ikusi uste izan dut bazter batean, altxorren bat gorde ote nuen ba neuk jakin gabe, txikitan erauzitako hortzak dira, minak gordeko zituen, hezurrak topatu ditut gero tontorra eginda, karbono 14aren proba egin diet, neu naiz, atzo, herenegun, duela bi aste, duela bi urte, eskeleto bat osatzeko lain dago hemen, lizuna kendu behar zaie, junturak ondo dauden ikusi, garezurra zerekin bete daitekeen pentsatu, zapata pare batekin bale da egunero kalera bidaltzeko, korridore luze eta estu bat tokatu zait gero, amaren jaiotetxekoa ekarri dit gogora, hau ilunagoa da ordea, baxuagoa, makurtuta egin behar izan dut zati bat, argia ematen du dagoela bukaeran.
Telebista da. Ni, lo nago.
Jira
Tartekoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu