Urte guztia da udara: eguraldiari begira bizi gara, bitartean albisteak ez dira burrunba aspergarri bat besterik, burua beti dago beste nonbait, pentsamendu batetik bestera saltoka dabil, zer gertatzen da pentsamendu galdu horiekin guztiekin, nora joaten dira, itzultzen al dira sekula, eta bitartean bestea berriketan ari zaizu, bestea ez da edozein, zeurekin bizi dena da, eta zuk baietz egiten diozu buruaz, bai, bai, ari naiz entzuten, baina galdu egin duzu haria, auto batek txirrindularia bota duela ikusi duzu telebistan, behar baino gehiago zabaldu dituzu begiak, antzeman egin dizu, muturtu egin da, badoa kalera hitzik egin gabe, pantailara begira zaude, bila irtengo natzaio, iritsiko ote naiz ordurako, zer esango diot, nola eskatuko diot barkamena, arropak jasotzeko daude gainera, non utzi ditut giltzak.
Urte guztia da udara: zoriontsu izaten saiatzen da jendea, ondo egoten, ondo pasatzen, arazoak uxatzen, lasai bizitzen, eta soberan dituen minutuetan munduaz arduratzen da, planetaren etorkizunaz, esaterako, edo «gu baino okerrago» bizi direnez, baina bitartean nork bere kezkak ditu, nor bere mundutxoan bizi da.
Urte guztia da udara, baina udaran ez dago disimulatu beharrik.
Jira
Udara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu