Aspaldi ez bezala, gauzetara joan zait begia, ukitu egin nahiko nituzke, eskuetan hartu, azeri-larru hori, esaterako, masailera ekarri neuk ere, lepoaren bueltan ibili, bularrean behera eraman, izterraren barruko aldetik pasa, eta gora ekarri berriro ere, ezpainetara. Baina ez azeri-larrua bakarrik, denak datozkit begietara bizi, izate betean, ogi-mamia bera, hatzen artean borobildua, kamerak eskaini dion arretak bakartua eta indartua, gauza handia da, planeta bat ematen du, gure ama ekarri dit gogora, amari hartu nion bazkalondoan ogi-mamia hatz artean erabiltzeko ohitura, azaletik dator plazera, izenburutik iritzi nion ederra: Plazeraren konspiratzaileak.
Jan Svankmajer zuzendariarenak ziren hitzak: «Objektuek giza jendeak baino bizitza gehiago dute. Estatikoagoak dira, baina baita elokuenteagoak ere. Eta askoz hunkigarriagoak, ezkutatzen dutenagatik eta euren memoriagatik, gurea puskaz gailentzen baitute».
Gauza arrunt baten izatea zein betea den jarri nintzen pentsatzen. Eta zine areto haren memoria hasi nintzen imajinatzen, zenbat jende ikusi ote du bere belusezko butaketan esertzen, zenbat aurpegi diferente, zenbat begi larri, zenbat irri gaizto, zenbat maitasun ernetzen.
Jira
Ukigarriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu