Xabier Gantzarain Etxaniz.
Jira

Ura bera

2012ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Burua urpean sartzen dudanean galdu egiten da mundua. Soinuak bigundu egiten dira, ertzak lausotu, koloreak ilundu, grabitatea ez da hainbestekoa; gantzak uraren azalera igotzen nau, baina berriro egiten dut behera, indar guztiz. Zakatzak baneuzka. Arnasari eustea izaten da lanik zailena. Bitartean hondora begira egoten naiz, horixe nahi dut ene errealitate bakarra, haitzak, arrainak, algak; ez zait asko axola azulejo urdinak baldin badira ere. Mundua ez entzutea da kontua, soinuak bigunagoak izatea, lausoagoak, eta hartara mundua entzutea, uraren soinuak, olatuak haitzen kontra lehertzen, olatuak haitzen kontra lehertzen, ura bera.

Burua urpean sartzen dudanean galdu egiten da mundua. Eta errealitatea esaten diogun hori, Syrizaren %27a, Rodney Kingen heriotza, G20 taldea Mexikon, batek zergatik oso ondo jakin gabe norbere baitaraino sartzen diren gauza bitxi horiek, eta errealitatea irizten diogun beste hori, egitekoak, biharko planak, etziko lanak, urrutiko bananak, dena galtzen da une bakar baten itzelezkotasunean. Ez dago errealitaterik, eta ez dago errealitate printzipiorik.

Dena galtzen da burua urpean sartuta; ez dago atseginaren printzipiorik, ez dago atsegina besterik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.