Neure orbitatik irten eta hor nabil orain, zabuka, zaborra naiz, munduaren zurrunbiloak irentsi nau, batera eta bestera narabil, sofatik ohera narama, ametsetan Tarkovskiren Solariseko ontzira bidali naute, garbitzailea naiz, 85 lagunentzako egin zuten, 3 bizi dira orain, euren buruei ezkutatu dizkioten oroitzapen gorpuztuekin, mamuek asko zikintzen dute, bidean nire antza zeukan satelite bat ikusi dut, zabuka, zurrunbiloak irentsia, behera eta behera, lurra joko duela ematen du.
Sanferminak pasa osteko Iruñea ematen du ontziak, eta garbitzen hasi nahi nuen, baina aurretik lurreko berri emateko eskatu didate ontziko 3 tripulanteek, eta ez dut jakin zer esan: poliziak Kukutza hartu du, esan diet, orain arte eutsi al diote, bota didate harrituta, epaileak eraisteko agindua eman du ordea, gehitu diet pena ezkutatu ezinda, Azkuna dago alkate, ez? Hori baino gauza harrigarriagorik ez al dago munduan? Ez dakit ba, Erreala ondo samar dabil, ETA isilik dago, Espainiak osorik dirau oraindik, Obamak esan du ez dela klase borroka, matematika baizik. Barre egin didate.
Kolpetik esnatu naiz,izerditan blai, ilun dago oraindik, eztarrian gora etorri zait larria: nonerori da azkenean satelitea?
Jira
Zabuka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu