Herenegunagotzen ari gara. Oteizak plaza bat dauka, autobusa han gelditzen da; poesiari pasealekua eskaini diote, han daude Borges, Itxaro Borda, Gabriel Celaya, Xenpelar, lurrean, zoruan gorpu, gazteek hankapean har ditzaten, pixka bat haratago dauden futbolinetara doazenean, edo bazkaltzera, edo ping-pong mahaietara, edo Mikel Laboan egitekoa den kontzentraziora.
Herenegunagotzen ari gara. Mikel Laboak plaza bat dauka EHUren Leioako campusean, eta berriz ere arrazoi Gabriel Arestik: Pentsatzen dut nire izena / nire izana dela, / eta ez naizela ezer ezpada / nire izena. Ez haren Lekeitioak, bere izena gelditu da. Eta halaxe beste guztiekin ere. Zer da Xabier Munibe, esate baterako, bere izena besterik? Guk Xabier Muniben ikasi genuen, eta gero Karmelo Etxegarain, eta ez nuke jakingo bakoitzari buruz bi lerro idazten. Eta okerragoa: Julio Urkijon bizi izan naiz ia bizi osoan, eta ezer gutxi dakit hari buruz: kale luzea dela, Denda-Txikiko zubitik herriko sarreraraino iristen dela eta viceversa, eta han daudela Lidl, Kutxabank-bank, jeltzaleen batzokia, sozialisten egoitza, Eroski, Zumarragarako autobusaren geltokia, batek bizitzeko behar duen guztia.
Herenegunagotzen ari naiz.
Jira
Zahartuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu