Zaintza lanetarako nahi ditugu etorkinak, batez ere, esaten du Xabier Aierdik ZuZeuko elkarrizketan, eta garbi dago gainera emakumeak nahi ditugula: «Lehengo familiaren tankera aldatu egin da, eta lehen amak burutzen zituen ehundaka lan, baina lan kontsideratzen ez zirenak enplegua ez zirelako, norbaitek egin behar ditu. Norbait hori izan zitekeen senar-emazteen artean lanak banatzea, norbait hori izan zitekeen konziliazio laborala eta familiarraren artean konpontzea, baina badirudi bi bide hauetatik ez dela joango horren konponketa.»
Eta zalaparta handirik sortu gabe joan den beste albiste bat etorri zaizu burura, aste honetan bertan BERRIAn irakurria: Etxeko langile etorkinen %53k tratu txar fisiko edo psikologikoren bat jasaten dute. Ez dituzte tratu txarrak salatzen, babes falta dute, eta lana galtzeko beldur dira. Emakume eta etorkin izateagatik arrisku bikoitza dute. Matxismoa eta arrazakeria daude eraso horien atzean.
Ia sinistu ezindako modukoa da zein zorrotz betetzen diren zikloak, eta zein ondo errepikatzen ditugun ereduak, eta zein barruraino sartu zaigun sistemaren gurpila. Sistemari hortzak erakusten saiatu ginen, ez ginen konturatzen: geu gara gurpilaren hortzak.
Jira
Zaintza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu