Jira

Zalantza

Xabier Gantzarain Etxaniz.
2011ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Sofan bizi da. Bulegoa prestatzen du goizean, izter gainean ordenagailua, ondoan kafe beltza eta telefonoa dituela. Telebista ez du pizten bazkalordura arte, estatistikak gehiegi puzteko beldurrez. Mundua arakatzen du, egunkarien edizio digitaletan behera egiten du irrist, postontzia begiratzen du ordu erdian behin, sare sozialetan sartzen da, poliziak Kukutza hartu du, argazkiak ikusi ditu, eta bideoak, Lutxo Egia ikustea iruditu zaio batean, arrazoi zuen, espazioa zalantza hutsa da. Etengabe markatu behar dugu, seinalatu. Ez da gurea, konkistatu beharrean gaude. Eta, hala ere, ez dugu sekula menperatuko.

Beste gerra batzuetan sartuta, zalantza sofan bizi da. Heltzen dio halako batean lanari, hasten da testuari forma eman nahian, eta hitz bakoitzarekin sartzen zaio zalantza, eta hitz bakoitzarekin sortzen zaio galdera: zergatik esaten zaio audientzia ikus-entzule multzoari? Zergatik esaten zaio demokrazia dirukraziari?

Bukatu ditu goizeko lanak, jaso du bulegoa, jarri ditu plastikozko barazkiak egosten, eta telebista piztu du ezertan ez pentsatzeko. Albisteak bota ditu sabeliztunak: betikoa, egon zaitezte lasai, ez da ezer aldatuko.

Zalantzak hartu du: telebizitza bizitza da?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.