Xabier Gantzarain Etxaniz.
Jira

Zirkua

2012ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Ni naiz Moussambani, barre egingo didate motelegi egiten dudalako igeri, ito beharrean noalako, ez dakit arnasa mugimenduekin batera hartzen, soin atalak bakoitza bere kasa doaz, herio bizian: hankak zapartaka, besoak indarka, birikak arnaska, ezinean noa. Horrexegatik maite naute, sinpatikoa naiz, norbaitek bete behar du galtzaile alaiaren papera, igerileku hotzari kolore pixka bat eman, irabazleei euren alde humanoa erakusteko aukera eskaini.

Orain krokodiloak botako dizkidate, baina aurretik eman didate abisu: ez dute hozka egiten. Nahikoa janda dauzkagu, inor lasaitu ez dadin botako ditugu, jendeak ikas dezan, orain artekoa pagotxa izan da, bukatu da festa, lehengoa dator, pobreak lana beltz eta beltzak lana pobre, eta segi hil arte, medikua oso gaizki zaudenerako, bitartean zaindu ondo, garbi jan, ez erre, ez edan, ez gidatu azkar, zintzo ibili, ez eragin gasturik estatuari.

Hotz egiten du. Etorbidean behera noa, etxera iristeko desiratzen. Tigre zuri bat ageri da zirkuaren iragarki afixan. Eta salto egiten badit, bakarrik nago. Urte berriarekin kaleak are gehiago hustu dira. Telebista aurrean ematen ditugun ordu kopuruak gora egin omen du nabarmen. Non botatzen dute futbola?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.