Urteak joan gabe eta, iraganeko arrastoren bat edo beste gordetzen duen iraganera itzultzea izan zen Arte Ederretako fakultatera joatea, herenegunago. Pozik handiena, Erramunekin hitz egitea, Xabier Agirrerekin, Elorriagarekin. Eta Patxi Zabalzak klasea eman zigun gelatik pasatzea: han dago oraindik nik paretan serigrafiaz pintatutako Gabriel Aresti gorria!
Beste bat ere pintatu nuen, beste gela batean, diapositiba paretan proiektatu eta marrak eginez lehenbizi, marra artekoa beltzez betez gero, handiagoa, ia sarrerako horma guztia hartuz, beltzean; gero gainetik akriliko zuri urtuz joan nintzen tapatzen, behin, bitan, hirutan, Aresti desagertzen eta paretarekin bat egiten hasi arte, mamu bilakatu arte, eta krimenaren arma, ile okerreko brotxa zabala, ertz batean eskegi nuen, puntapax handi eta berri baten burutik.
Baina orduan Leioan ez zegoen Oteiza plazarik. Gabriel Arestiren poema etorri zitzaidan gogora afixan Konzentra Mikel Laboan irakurri nuenean: Jainkoak eztezala nahi Bilboko karrika bati / Nire izenik eman dezaiotela / (Eztut nahi bizargile hordi batek esan dezala: / Ni Arestin bizi naiz, anaiaren / koinata nagusiarekin. Badakizu. Maingua).
Herenegunagotzen ari gara.
Jira
Zurituta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu