11 metroetatik, espezialista hutsa

Hamabi urteko profesional ibilbidean, bat ez beste penalti guztiak sartu ditu Xabi Prietok: 24tik 23. Javi de Pedrok eta Meho Kodrok uste dute bertute nagusiak badituela: odol hotza eta konfiantza.

Xabi Prieto, penaltia jaurtitzen, joan den igandean, Realak eta Deportivok Anoetan jokatutako partidan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
2015eko apirilaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Xabi Prietok penaltia jaurtitzea eta gola sartzea sinonimo dira ia. Aski da zenbakiei erreparatzea. Hamabi urteko profesional ibilbidean penalti bakarra huts egin baitu Realeko kapitainak. Bakarra, bai; 24 jaurti, eta bat ez gainerako guztiak sartu izan ditu: 23 guztira. Hemezortzi Lehen Mailan, lau Bigarren Mailan, eta bat Europako Ligan. Oraingoz, %96ko eraginkortasuna dauka. «Gustatzen zait penaltiak jaurtitzeko konpromisoa hartzea. Badakit zenbaki onak lortzen ari naizela. Niretzat erronka bat da era horretan ahalik eta gol gehien sartzea», aitortu izan du jokalariak. Hain zuzen, penaltiz azkeneko gola joan den igandean sartu zuen, Deportivoren aurka, Anoetan. Betiko gisan, maisutasun handia erakutsiz. Maisutasun handia, eta odol hotza.

Hain justu, Javier De Pedro (Logroño, Espainia, 1973) eta Meho Kodro (Mostar, Bosnia, 1967) Realeko jokalari ohien esanetan, horixe da penaltiak jaurtitzeko eduki beharreko lehen bertutea: odol hotza. «Egia esan, odol berokoa nintzen ni. Hori bai, penaltiak jaurtitzerakoan odol hotza azaltzen nuen. Hori beharrezkoa baita», esan du De Pedrok. Haren gisan, Kodro ere hamaika penalti jaurtitakoa da elastiko txuri-urdina jantzita. «Taldekideon artean erabakitzen genuen nork hartu behar zuen konpromiso hori, eta beti ni hautatzen ninduten, Realean behintzat. Norbere buruarengan konfiantza behar da eduki lehenik, eta odol hotza ere bai. Nik biak nituen, eta gustuko lana nuen penaltiak botatzea».

Ordea, De Pedrok eta Kodrok ez dute inon idatzia zenbat penalti jaurti zuten sareetara, edota zenbat huts egin zituzten. «Nik uste dut bakarra huts egin nuela!», aitortu du De Pedrok. Hori bai, biek ala biek esan dute oso dela zaila Xabi Prietorenak bezain zenbaki onak lortzea. Kodroren iritziz, «Prietok izugarrizko konfiantza ematen du. Penaltiak jaurtitzeko era asko daude, eta kalitatean oinarritzen da Prieto. Guztia ondo aztertu, eta nahi duen tokian ipintzen du baloia». De Pedro ere uste berekoa da. «Talde askok arazoak dituzte penaltiekin. Athleticen, esate batera, asko huts egin dituzte. Prietori esker, Realak ez du halako arazorik, eta askok uste baino garrantzitsuagoa da hori. Penaltiak sartzeak puntuak ematen ditu».

De Pedrok eta Kodrok esandakoaren arabera soilik ez, zenbakiek ere adierazten dutenez, 11 metroetan Espainiako Ligako onenetako bat da Prieto. Penalti bakarra huts egin du. Hain justu, 2007ko urtarrilaren 28an, Athleticen kontrako derbian. Dani Aranzubiak geratu zion. Prietok berak esan izan duenez, ondo gogoan du une hura. «Presioari ongi egiten diot aurre penaltietan, baina egun hartan, urduritasunagatik edo, kale egin nuen. Jaurtitzaileak badaki beti huts egiteko arriskua gertutik bizi duela». Hori bai, aldi batean kale egin arren, De Pedrok ez du dudarik. «Prietoren zenbakiak Messi eta Cristianorenak baino hobeak dira. Uste dut Messik bost penaltitatik bat huts egin ohi duela. Beraz, pentsa Prietoren estatistikek zer-nolako meritua duten!».

Mendieta, Prietoren ispilu

Penaltiak jaurtitzeko era asko daude, De Pedroren arabera, baina gakoa da presioari gaina hartzen jakitea. «Jende guztia jokalariari begira egoten da, eta, sarritan, epaileak txistua jo arte ere denbora asko igarotzen da. Hortik aldendu behar du jokalariak, eta kontzentrazioari eutsi». Bada, Prietoren metodoa oso gustuko du Kodrok. «Baloia kokatu, atzera hiruzpalau pauso eman, eta maisuki jaurti ohi du, beti atezaina norantza doan begiratuz. Hori da zailena, begiradari azken unera arte eustea. Prietok, nahiz eta askotan zaleak urduri ipini, kalitate handia dauka. Gaizka Mendieta ekartzen dit gogora».

Ez da harritzekoa. Besteak beste, eta Prietok berak aitortu izan duenez, Mendieta hartu izan baitu ispilu profesionaletarako jauzia eman zuenetik. «Norberak erabakitzen du zein den bere metodoa. Nik ikusi nuen Mendietaren antzeko ezaugarriak nituela, eta hari begiratzen nion beti». Penaltietan ez ezik, jokatzeko eran ere Prietoren ezaugarri bertsuak zituen bilbotarrak. Zenbaki onak erdietsi zituen hark ere 11 metrotatik: 34 jaurti, eta 31 sartu zituen. Beste euskal jokalari batzuk ere aztiak izan dira penaltiak sartzen. Ander Garitano eta Aitor Larrazabal Athleticeko jokalari ohiak eta Jose Mari Luluaga Eibarko jokalari ohia, besteak beste.

Prieto eta Mendietaren ezaugarrietatik urrunago zegoen De Pedro. «Penaltiak jaurtitzeko era asko daude. Nik ez nion atezainari asko begiratzen. Ezker oinarekin zutoinaren ondora indartsu jo, eta kito. Atezainak aldea asmatzen badu ere, uste dut ondo jaurtitako penaltia barrura joango dela beti. Zazpi metroko atean baloia sartzea ez da hain konplikatua». Metodoak metodo, garrantzitsuena entrenamenduak direla uste du Kodrok. Horren harira, Ladislao Kubala Bartzelonako eta Espanyoleko jokalari ohiak esandakoa ekarri du gogora. «Hura espezialista izugarria zen». 28 penalti jaurti zituen, eta bat ez beste denak sartu. «Hark aitortzen zuen asko entrenatzen zela penaltiak jaurtitzen. Baloia puntuaren gainean jarri, eta alde bateko zein besteko zutoinari jotzen ahalegintzen omen zen, gero partidetan baloia sareetara bidaltzeko. Hori bai, partidetan zutoinari ez zion jotzen. Gola sartzen zuen».

Vigoko pasadizoa gogoan

Gola penaltiz sartu, eta birritan gainera, Prietok egin behar izan zuen Celtaren zelaian, 2009-2010eko denboraldian, Reala Lehen Mailara igo zenean. Tentsioz jositako partida batean, epaileak penaltia adierazi zuen txuri-urdinen alde. Prietok baloia hartu, eta gola sartu zuen. Ordea, jendea area barnera behar baino lehenago sartu zela argudiatuta, epaileak errepikatuarazi egin zuen jokaldia. «Gaizki pasatu nuen orduan. Hura zen hura tentsioa ikusle gisa!», azaldu du De Pedrok. Hori bai, bigarrenean ere sartu zuen. Gainera, ospatzen ari zela orkatila okertu, eta zuzenean aldageletara joan behar izan zuen.

Dudarik gabe, bitxikeria hura beti gogoratuko du kapitainak. Kodrok ere badu anekdota bat penaltien kontura. Artean Bartzelonako jokalaria zen, eta denboraldi-aurrean hiru penalti huts egin zituen. «Ezohikoa zen hori gertatzea, eta gaizki pasatu nuen. Hori gutxi ez, eta sasoian beste bizpahirutan ere kale egin nuen. Bartzelonan jokatzeak zuen tentsioagatik izan zen. Gehienak zutoinera bidali nituen».

Realera etorrita, De Pedrok garbi du. «Nire iritziz, Xabi Prietok jaurti behar lituzke penalti guztiak Realean. Hala egin izan balu beti, estatistika hobeak izango zituzkeen». Izan ere, donostiarrak debuta egin zuenean, Valeri Karpinek, Mikel Artetak edota Jose Javier Barkerok jaurti ohi zituzten penaltiak. Gerora, Sebastian Abreuk ere bai, eta egun, Carlos Velak. Kodrok argi du: «Prietok oraindik ere zenbaki hobeak lortuko ditu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.