Seigarrena. Seigarren Munduko Txapelketa izango da datorren igandean hasiko dena Efren Vazquezentzat (Bilbo, 1986). Lehen garaipen horrekin amets egin du 2007an debutatu zuenetik. Gauero-gauero.
Denboraldia hastear dago. Nola joan da negua?
Prestaketa asko egin ditugu, motoa puntuan jartzeko hainbat azterketa ere bai. Negu gogorra izan da. Hala ere, emaitzak ez dira oso onak izan, baina entrenamendu saioetan erabili dudan serieko mototik lasterketetan erabiliko dudan motora segundo batzuen aldea egongo da. Jerezko entrenamenduetan behin betiko motorra probatu ahal izan nuen, eta nahiko gustura gelditu nintzen. Duela pare bat aste, ordea, erori egin nintzen eta besoa atera zitzaidan. Halere, orain gehien kezkatzen nauena motoaren txasisa da. Daukaguna ez zaigu behar bezain lehiakorra iruditzen.
Zer moduz zaude orain? Osatu zara izandako erorikotik?
Ez naiz guztiz osatu. Sei astean geldirik egoteko esan zidan medikuak, baina bederatzi egun baino ez ditut pasatu nik. Arazo asko izan nituen Jerezko entrenamenduetan, eta, orain hobeto nagoen arren, mugimendu batzuk egitea asko kostatzen zait.
Zein da denboraldi honetako helburua?
Oso zaila da zeure buruari helburuak jartzea. Lasterketetan erabiliko dudan motoa behin baino ez dut probatu oraindik. Uste dut gauzak ondo joanda pistako Hondarik azkarrena izan naitekeela. Taldearen esku dago guztia orain. Nik erakutsiko diet azkar ibil naitekeela. Gero haiek ikusi beharko dute txasisaren inguruan zein erabaki hartu. Podiumean egon nahi dugu, eta hori lortzen ahaleginduko naiz.
Talde berria duzu aurten. Zer moduz egokitu zara?
Pozgarria da niretzat Laglisseren gisako talde batean lan egitea. Taldeko burua, Jaime Fernandez Aviles, aspalditik ezagutzen dut. Orain artean ez nuen inoiz harekin lan egiteko aukera izan. Esperientzia handiko taldea da, eta itxura ona emateko gogo handiz dago. Taldekideen artean komunikazioa oso ona da, eta horrek izugarri laguntzen du. Guztiek nire hizkuntza hitz egiten dute, eta hori ez zitzaidan pasatu orain arteko taldeetan. Hala, elkarbizitza bera ere errazagoa da, ordu asko pasatzen baititugu elkarrekin.
Motoa ere berria da. Zertan da desberdina iazkoaren aldean?
Ezberdintasunak, denak. Egia da Hondaren txasisa 2005. eta 2006. urteetan Espainiako Txapelketan erabili nueneko bera dela. Zaharra gelditu da, eta Hondak ez du askorik landu ordutik. Motorra bai, baina txasisa ez.
Eta zer aldaketa sumatu duzu Moto3 eta 125 cc-ko mailako motoen artean?
Berrikuntza asko daude. 125 cc-ko mailatik gatozen pilotuentzat ia dena da berria Moto3n. Trakzioa, injekzioa, balazta, motorra bera... Xehetasun txikiak dira, baina oso garrantzitsuak. Aldatu dituzten gauza batzuk zailago egin dituzte, eta beste batzuk errazago.
Hau izango al da lehen garaipena lortuko duzun urtea?
Nahiko nuke hala izatea. Gauero egiten dut amets horrekin. Nik baino ilusio handiagoa ez du inork izango. Jende asko ari zait babesa ematen, eta polita izango litzateke nigan konfiantza jarri duten haientzat ere. Podiumeko lehen koskara igotzea sari bat litzateke niretzat. Baita euskal zaleentzat ere. Hor goian ikusi behar naute nola edo hala. Horrek baino poz handiagoa ez lidake ezerk emango.
Qatarko Sari Nagusia izango da lehena. Ondo moldatu ohi zara bertan: bigarren eta hirugarren izan zara.
Qatarko lasterketa atipikoa da. Egia da 2008. eta 2010. urteetako emaitza onenak han lortu ditudala. Ezinbestekoa da prest egotea, besteen hutsak aprobetxatu eta aurrera egiteko. Orain arteko estrategia berarekin jarraituko dugu: lehen egunetik gogor lan egingo dugu, urteko azken lasterketa izango balitz bezala. Gerora aurrean ibiliko direnekin tarteak txikitzeko aukera ona izango da. Ikusiko dugu txasisarekin nola konpontzen naizen. Asko kostako zaidala uste dut, baina handik irribarre batekin itzultzea espero dut.
Noiz emango duzu Moto 2ra saltoa?
Asko pentsatu dut horretan. Aurten izan zitekeen, baina ezin izan dut. Aurrekontu falta da arazoa. Moto3tik Moto2ra gastua bikoiztu egiten da. Talde lehiakor bat nahi badut, diru asko behar dut, eta oraintxe bertan nire babesleentzat ezinezkoa da hori.
Beste etapa baten atarian zaude. Urteak pasatu dituzu Herri Torrontegirekin lanean, baina iaz bere bideari ekin zion.
Hitz egiten dugu noizean behin. Gauzak dauden bezala, familiako enpresan lan egiteko erabakia hartu zuen. Behartuta zegoen nolabait, eta nik errespetatu egin nuen. Ulertzen dut haren jarrera. Hark ere gai ikusi ninduen bakarrik jarraitzeko. Elkarrekin bizi izandakotik esperientzia banuela ikusi zuen. Orain askoz lan gehiago daukat. Lehen, jaiki eta entrenatzen nintzen. Orain, bulegoetan pasatzen dut eguna, eta denbora dudanean entrenatzen naiz. Hainbeste diru dago jokoan, hainbeste negozio dago honen guztiaren atzean... Herrik eta biok beti esaten genuen, irabazteko lehenbizi bulegoetan borrokatu behar zela. Mundu honetako egiarik handiena da. Gauza txikiak dira, etxean dagoenarentzat, beharbada, ulertzeko zailak direnak.
Irakatsi dizun zerekin gelditzen zara?
Jarraitzeko grinarekin, irmotasunarekin... Beti jartzen zidan boxeolariaren adibidea. Esaten zidan ez duela axola zeinen indartsu jo dezakezun aurkaria,benetan axola duena zera dela, zeinen indartsu jo zaitzakeen hark.
Efren Vazquez. Moto gidaria
«125 cc-ko mailatik gatozen pilotuentzat ia dena da berria Moto3 mailan»
Beste etapa baten atarian dago Efren Vazquez, Errekaldeko moto gidaria. Urteak pasatu ditu Herri Torrontegirekin eskuz esku lanean, baina hark bere bidea hartu du, eta bilbotarrak ere bai, ezinbestean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu