Bilbo Basket. Jackson (14), Warren
(11), Mumbru (16), Banic (16) eeta Mavroeidis (7) —hasierako bostekoa—; Fisher (-), Blums (5), Vasileiadis (6), Hervelle (15), Sonseca(-) eta Paco Vazquez (-).
Menorca. Ciorciari (3), Limonad (16), Víctor (6), Radenovic (12) eta Donaldson (17) —hasierako bostekoa—; Servera (-), Diego Sanchez (3), Sanders (10), Otegui (7) eta Caio Torres (-).
Markagailua. 19-20, 45-46 (atsedenaldia); 63-60 eta 90-74.
Epaileak. Conde, Perea eta Sanchez. Ez zuten inor kaleratu.
Bestelakoak. 33. jardunaldiko partida. 7. 302 ikusle Bilbo Arenan.
Bilbo Basketek bosgarren postua lortzeko lehian murgilduta jokatuko du azken jardunaldia. Menorca menderatu zuen Miribillan jokatutako azken norgehiagokan, baina nabarmen hobetu beharko du bere jarduna azken laurdenetan, lehen kanporaketa horren ondoren oporrak hartu nahi ez baditu. Bizkaitarrek 25 minutu luze behar izan zituzten partida hausteko, eta mailaz jaitsi den taldeak arazo franko eman zizkion. Menorca gutxietsi gabe, kanporaketetan askoz ere talde indartsuagoak topatuko ditu, eta, garaipenak garaipen, ulertzeko modukoa da Fotis Katsikaris entrenatzaileak sarri egin zituen haserre eta atsekabe keinuak.
Arrazoiarekin, gainera, Bilbo Basketeko jokalariek sobera sufritu gabe irabazi nahi izan zutelako, lanik egin gabe, eta hori ezinezkoa da. Talde guztiek duintasuna dutelako, eta Menorcak ere bai. Atzo, behintzat, ez zuen maila galdu duen talde gisa jokatu, eta hiru laurdenetan garaipena lortzeko jokoan egon zen. Hirukoen alorrean bikain aritu zelako, %70 asmatzeraino, eta Paco Olmos entrenatzaileak agindutako zonakako defentsan katramilatuta aritu zirelako etxekoak. Boladaka jokatzen zuen Bilbo Basketek, eta joko orekatuagoarekin Menorcak, Limonad eta Donaldsonek gidatuta.
10-9, 22-22 eta 32-29 esaten zuen markagailuak, Menorcak 0-8eko partziala lortu arte. Urko Otegik sei puntu saskiratu zituen jarraian, eta 32-27koarekin partida geratu behar izan zuen Katsikarisek. Epelak bota zizkien bere jokalariei; baina, halere, aurretik eutsi zion Menorcak atsedenean: 45-46. Menorcak 70 puntu inguru saskiratzen ditu partidako, baina 20 minutuan 46 saskiratu zituen, eta datu horrek argi erakusten zuen Bilbo Basket gaizki ari zela, defentsan epel.
Baita panorama aldatu egingo zela, egin behar zuela aldageletatik bueltan, eta hala izan zen. 61-54 aurreratu ziren aurrena bizkaitarrak Hervellek bere bederatzigarren puntua saskiratuta, baina Diego Sanchezen hirukoak 63-60koa jarri zuen berriro. Hortxe bukatu zitzaion erregaia Olomosen taldeari. Jackson korrika egiten hasi zen, beste behin eskas aritu zen Fischer ordezkatuz, eta faltak behartuz eta Vasileiadisi asistentzia onak emanda, partida hautsi zuten beltzekoek. 74-64 aurrena, eta 88-74 Alex Mumbruk bederatzi metrotik jaurtitako hiruko bati esker.
112 puntuko balorazioa lortu zuen Bilbo Basket, eta azkenerako, garaipen erosoa lortu, baina ziur Katsikaris ez zela pozik oheratu. Antzera jokatuz gero zaila izango delako Estudiantesi irabaztea, eta ezinezkoa azken laurdenetako aurkaria menderatzea.
Lagun Aroren garaipena
Bilbo Basketek bezala, Lagun Arok ere irabazi egin zuen zaleen aurrean jokatu zuen azken partidan. 84-71 menderatu zuen CAI Zaragoza, eta argi geratu zen ezer gutxi zegoela jokoan. Joko azkar eta ikusgarriaren aldeko apustua egin zuten bi taldeek, eta hautu horretan, kemen handiagoarekin aritu zen Lagun Aro, sasoi osoan Illunbera joandako zaleei agur duina ematea garrantzitsua zela jakitun. Salgadok ulertu zuen ondoen mezu hori, eta 13 asistentzia eman zituen. Santutxukoa izan zen, hain zuzen ere, partidako onena, 24 puntuko balorazioarekin.
Lasok agindu zuen bezala, minutu gutxi jokatu dituztenek luzimendurako aukera izan zuten. Urizek 20 minutu jokatu zituen, Mohammed Konek bezala, eta Lander Lasa tolosarrak ere 19 minutu, ia-ia. Ondo baliatu zituen, bi hiruko eta biko beste jaurtiketa bat egin baitzituen eskoltak, zortzi puntu pilatzeraino. 13 garaipen lortu eta joan den denboraldiko kopurua berdintzeko aukera izanen du Lagun Arok azken jardunaldian, Gasteizen.
Bilbo Basket 90. Menorca 74
20 minuturekin, nahikoa
Bilbo Basketek majo sufritu du Menorcaren aurkako partidan, baina garaipen garrantzitsua lortu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu