2013aren irrikan

Sebastian Gonzalezek urte oso txarra izan du, eta konfiantza galduta dabil. Parte hartu duen txapelketetan ez du maila onik eman, ezta udako torneoetan ere, eta lesioek ez diote jarraitutasunik hartzen utzi.

Sebastian Gonzalez adierazpenak egiten, Iruñean eginiko pilota aukeraketa batean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2012ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Aspeko buruhausteetako bat da, eta pilotazale askoren zalantza. Iragan ostiralean lau t'erdikotik kanporatua izan berritan Sebastian Gonzalez (Azkaine, Lapurdi, 1977) zintzo mintzatu zen Tolosako Beotibar pilotalekuan. «Urte hau buka dadin irrikan nago, tamalgarria izaten ari da». Atsekabea nabaria zen, ez zen gutxiagorako, hiru urte dira txapeldun izan zela, eta aurten lehen partidaren ondoren etxerako bidea hartu behar izan du. Orain, binakakoa begiz jota izan beharko luke, udako torneoei erreparatuta berak beharko lukeelako enpresako laugarren aurrelaria, baina haren sasoiak zalantzak sor diezazkioke Asperi.

2012a kostata ahaztuko du Gonzalezek. Urteak zeramatzan aurrelari onenen artean, aurten, baina, bere estelarista egoera kolokan ikustera iritsi da. Urte hasieran binakako txapelketatik kanpo gelditu zen. Aspek Aritz Lasaren alde egin zuen bere ordez eta azkaindarrak eztanda egin zuen mikrofonoen aurrean. Enpresa gogor kritikatu zuen, eta Fernando Bidarterekin izandako elkarrizketa pertsonal batean entzundakoak jakinarazi zituen. Bere kexak hilabete batzuk aurrera Xalak buruz buruko kanporaketatik kanpo gelditu zenean egin zuenaren estetika bera zuen. Ondorioa, baina, oso desberdina izan zen. Egun batzuk geroago Gonzalezek prentsaurrekoa deitu behar izan zuen jendaurrean barkamena eskatzeko. Enpresa haserre zegoen berarekin.

Afera hark eragin zion, eta hilabete eta erdi egon zen jokatu gabe urte hasieran. Zigor kutsua zuen. Binakako lehen bi partidetan Ezkurdiaren aurka galdu zuen, eta hirugarrenean, Idoateren aurka. Gonzalez ez zegoen fin, eta txapelketatik kanpo uzteak logikoa zirudien. Gero hiru partida jokatu zituen ordezko gisa, eta hirurak galdu zituen.

Buruz burukoan arnasa pixka bat berreskuratu zuen. Lehenbizi Urrutikoetxeari irabazi zion (22-17), gero Merino II.ari (22-14) eta azkenik Bengoetxea VI.ak kanporatu zuen, final-laurdenetan (22-7). Ez zuen ibilbide txarra izan, eta txapelketako ezusteetako bat izan zen. Binakakoaren esperientzia txarraren ondoren udari ekiteko ilusioa kargatu zuen.

Xala, Irujo eta Titinen atzetik egotea ez da samurra, eta udako lehen torneoetatik kanpo gelditu zen. Ekain bukaera eta uztail hasieran maila oneko lau partida irabazi zituen jarraian, baina udan, oro har, galduriko partidak irabazitakoak baino gehiago ziren. Joko gutxi eta zorte txarra gainera, abuztu erdialdera orkatila bihurritu baitzuen. Gonzalezek urte osoan esan du min txikiak izan dituela.

Xalaren lesioak eta Irujoren apendizitisak Lekeitio eta Logroñoko torneoko ateak ireki zizkion. Enpresak berarengan konfiatzen jarraitzen zuen seinale, laugarren aurrelaria da. Bi torneoetan hiru partida jokatu zituen, eta hirurak galdu. Maila txarrik eman gabe, baina emaitzak ez zituen lagun izan. «Urtea buka dadin desiratzen ari naiz, nire ibilbideko txarrena izan da. 2013a hobea izatea espero dut». Irailerako gabon zahar gauaren zain zegoen.

Lau t'erdian zuen Gonzalezek urtea zuzentzeko aukera. 2009an txapeldun izan zen eta ligaxkan sartzeko aukera ona zuen. Sukarrak, baina, Urrutikoetxearen aurkako partida atzeratzera behartu zuen, eta ez zen sasoi betean aritu. 22-11 galdu zuen iragan larunbatean, oso irudi txarra emanda. Udazkena luze egingo zaio, binakakoa buruan duela. Udan ikusitakoaren arabera tokia izan beharko luke, baina agian enpresak gazteren baten alde egingo du, eta kasu horretan bera litzateke sakrifikatua. 35 urte ditu eta 2015era arteko kontratua. Askok diote bere onenak emanak dituela, baina Gonzalez langilea da. Ea urte berriarekin...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.