Galtza zuriak ez ditu probatu aspaldian, eta etzi, agian, pixka bat estutu beharko ditu gerrialdean. Apirilaren 24tik, eskuin belauneko lotailuak hautsi zituen eguna, aurkezpenen batean edo bestean jantzi ditu bakarrik. «Ez dut uste taila aldatu beharko dudanik, kilo pare bat galduko nituen asko jota», azaldu du Aimar Olaizolak (Goizueta, Nafarroa, 1979) entrenamendu saioa bukatu berritan. Gehiago direla dirudi, lauzpabost bat, oso argal dago, «bizarrarengatik izango da, gaur ez dut egin, kar-kar...». Umoreko dago, larunbatean itzuliko da jaialdietara, eta jokatzeko irrikan dago. Beste gako bat Anizeto Lazkano Asegarceko teknikariak azaleratu du: «Gaur entrenamendu oso ona egin du», eta hori saio gogorra izan dela kontuan hartuta. Ia bi hilabete daramatza kideekin lanean, eta hobekuntza nabarmena omen da.
Euriak gogor jotzen du Tolosako Beotibar pilotalekuko teilatuan, eta Olaizolak zazpi hilabete begiratu du atzera oroimenaren erretrobisorean. Labriten lesionatu zeneko irudiak gogoratzea ez du gustuko. «Belaunak alde batera egiten du eta... ez dut gustuko telebistan irudiak ikustea. Beste lesioekin, aldiz ez zitzaidan pasatzen». Gurutzebidea etzi bukatuko da, berriz ere Labriten, justizia poetikoa dirudi. «Ez dakit zenbat egun izan diren, 24an zazpi hilabete», zenbatu du hatzekin. 203 egun dira, «asko, pilotari batentzat jokatzea da garrantzitsuena eta horiek egun asko dira».
Sufrimendua zenbatzea ez da erraza, eragindako ahalegina, berriz, denboran neur daiteke, edo kilometrotan. 26.000 izan dira guztira, autoz, Goizueta-Gasteiz-Goizueta joan-etorriak dituen 248ak egunero ia bost hilabetez eginda. Iñigo Simon Asegarceko medikuak pilotariak tarte horretan izandako diziplina goratu du jendaurrean, eta Olaizolak hor ikusi du berrindartze prozesu azkarraren gakoa. «Egunerojoan naiz, astero bost egunez, larunbatean eta igandean izan ezik, egun horietan belaunak atseden hartzen zuen. Egun bakar batean ere ez dut kale egin. Halako lesio batean egun batean kale egitea asko da. Baina norberaren hobekuntzarako denean ez da hain nekeza... Nik uste kotxeak dagoeneko bakarrik egiten duela bidea!». Kilometro eta ordu asko ziren bakarrik, buruari bueltak emateko ongarria. «Hasieran izan nuen denboraldi pattal bat, baina hobekuntzarekin animatu egin nintzen».
Mikel Sanchez medikuak aldatu zion hautsiriko lotailua, eta Itsaso Sanchez fisioterapeutarekin egin du lan egun gehienetan. Bost edo sei orduko saioak ziren egunero: igerilekuan ibili, fisioterapia, ariketak ezberdinak, ultrasoinuak, belauna luzatu eta tolesteko makina, iskiotibialak indartzeko... «Egunetik egunera ez nuen hobekuntza nabaritzen, baina astetik astera bai». Oraindik ez du tratamendua bukatu, aurrerantzean jarraitu beharko du, aste pare batez. Ebakuntza arrakasta izan zen, eta, paradoxikoa bada ere, emaitza on horrek behartzen du lanean jarraitzera. «Lotailuan jarritako bi zurda puskak handiak eta indartsuak dira, eta ondo itsatsi direnez lotailua lodia da. Horrek hasieran hanka erabat luzatzea eta tolestea zailtzen du, eta, horregatik, hasieran gehiago kostatu zitzaidan. Orain ondo luzatzen dut, baina tolestean nabaritzen dut molestia. Hori, jokatuz kenduko zait».
Prozesu luzea izan da, baina gorabehera gutxikoa. Abel Barriolaren kasua ez zuen urruneko erreferentzia, eta leitzarrak atzerapauso asko izan zituen. Olaizolaren kasuan, baina, epeak behar bezala bete dira. Egun bateko hanturaz haratago ez du arazorik izan. «Berrindartze prozesuan dena ondo irten zait, eta esan beharra dago esku honetan egon naizela. Gero, nik ere gogor egin dut lan». Belaunekoa ez da izan lesio larri bakarra, baina bai «gogorrena». Besoko eta bizkar alboko zuntz hausturek pazientzia beharrezkoa dela irakatsi zioten, eta ez da atsekabetu. «Hasiera gogorra izan zen, babes handi horrekin ezin nuelako ezer egin: ez gidatu, kostata lo egin... baina makuluekin hasi nintzenean dena aldatu zen. Lehen lesioa balitz, agian gehiago kostako zitzaidan, baina ondo eraman dudala uste dut». Izan ditu egun txar batzuk ere. «Horietan, gertukoek jasan naute, neska-lagunak -berarekin bizi naizelako- eta etxekoek».
Urtebetetze oparia
Etzi 31 urte beteko ditu Olaizola II.ak, eta enpresak egin dio opari gozoena, baina ez omen da ospakizun zalea. «Egun hori, urtemugarengatik baino, partidarengatik izango da garrantzitsua», onartu du. Jokatzearen erabakia mediku, fisioetarapeuta eta enpresaren artean harturikoa izan da, eta, noski, pilotariarena berarena. «Ez nago urduri, agian partidaren hasieran pixka bat egongo naiz. Aurreko lesioetatik badakit lehen partida e z dela erraza izaten». Bigarrenerako ez du askorik itxaron beharko, bi egun geroago jokatuko baitu, Tolosan. «Enpresan hitz eginda harturiko erabakia da. Nire helburua da binakako txapelketaren aurretik ahalik eta partida gehien jokatzea».
Badaki zaila izango dela aurreko mailara iristea, «noizbait iristen banaiz. Dena dela, asko kostako zait, beldurra kentzea ez da erraza, ez da hilabete batean lortzen». Ez du aurreko mailara itzultzeak itsutzen, helmugak beste modu batera zehaztu behar ditu. «Aurrekoa izatea ezin dut helburutzat jarri, ahalik eta gehien hobetzen saiatu behar dut, eta ahalik eta azkarren. Aurreko mailara iristen banaiz, hobeto; eta horretarako, hasieran behintzat, lan oso gogor egin beharko dut ».
Besaburuko giharreko lesioa igaro ondoren, 2003an, Olaizola aurrekoa ez zela zioten zale askok. Txapelak irabazita isilarazi zituen ahots kritikoak, eta esperientziarengatik daki berriz ere sor daitezkeela halako iritziak. «Lortu edo ez, betiko kontuak dira. Etorri behar bada etorriko da, eta bestela ez». Hotzean aztertuta, baina, ondo daki zer falta zaion oraindik. «Aurrera eta atzera ondo egiten dut korrika. Baina ni aurrelaria naiz, eta alboetara egitean nabaritzen dut lesioa, eta norabidea oso bizkor aldatzean».
Belaunari begira
Galtza zuriak lisatzeko garaia iritsi zaio, baina oraindik ez dio belaunari begiratzeari utzi. Onartu du egunero aztertzen duela, orbaina azken hilabeteen oroigarri balitz bezala. Egunero du une bat bakarka buruhausteak eman dizkion giltzadurarekin. «Etxean aztertzen dut. Hasieran, ebakuntza egin berritan, handitutan ikusten nuen, eta orain hori begiratzen dut. Luzamenduak egitean, izotza jartzean... Nahi gabe bada ere begiratzen diozu».
Hilabeteotan ia ez du pilotalekurik zapaldu, anaiaren botillero egin duenean bakarrik, baina telebistaz eman dituzte ia partida guztiak ikusi ditu. Inbidia hor zuen, eta itzulerarako ordu gutxi falta direnean ez du irrika ezkutatu. «Niri pilotan jokatzea gustatzen zait, gozatu egiten dut». Jokoaz hitz eginez burura etorri zaio lesioaren ondoren kantxa bat zapaldu zuenekoa. «Iñigo Abadekin izan zen, Gasteizen. Beldur askorekin aritu nintzen, eta hala ere sekulako ilusioa egin zidan».
Solasaldiaren bukaerarako utzi ditu eskertzak, eta zerrenda luzea da: «medikuak, Mikel, fisioterapeutak, Itsaso eta Maite, etxekoak eta neska-laguna, eurek aguantatu nautelako, enpresa, teknikariak, kideak... Entrenamendu txarrak egitera behartu ditudalako».Ez da Olaizola izango etzi poztuko den bakarra.
203 egun
Ia zazpi hilabete geroago, Aimar Olaizola pilotalekuetara itzuliko da etzi. Labriten bukatuko da belauneko ebakuntzarekin hasi zen «sendabide gogorra», berrindartze-lan ordu asko eta autoz eginiko milaka kilometroren ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu