Igandean izan zuen akabera aurtengo aizkora sasoiak, Nafarroako Txapelketa Nagusiko eta Euskal Herriko Gazte Mailako Txapelketetako finalekin, Lekunberrin (Nafarroa). Larretxea eta Ugaitz Mugertza nagusitu ziren. Arantzako aizkolari arituak 44 urte ditu, eta Mutrikuko gazteak 16 urte. Beraz, goren mailako aizkolari baten eta pixkanaka lekua hartzen ari denaren artean 28 urteko aldea dago.
Urteko gainerako txapeldunen artean ere antzeko zerbait gertatzen da. Hau da, Gipuzkoako II. Mailako txapeldunak, Javier Aranberri Elorriaga-k, 50 urte ditu, etaEuskal Herriko III. Mailako txapeldunak 24 urte. Elkarren artean, beraz, 24 urteko aldea dago.Pentsatzekoa da aizkolari bat 30 urtetik aurrera hasten dela garaipenik garrantzitsuenak lortzen edo txapel nagusiak bereganatzen. Horregatik, erreportaia honetan 16 urtetik 35 urterako tartean dauden aizkolarien azterketa egingo dugu.Aipaturiko adin tarte horretan hogeita hamarren bat aizkolari daude Euskal Herrian; betiere, gizonezkoetan, une honetan emakumezkoen lehiarik ez baitago. 35 urtetik gorakoen tartean, berriz, hogeiren bat aizkolari dira txapelketetan ari direnak, eta adinduena Miel Mindegia da 54 urterekin.Aztertzen ari garen adin tarte horretako aizkolaririk esanguratsuena Floren Nazabal da 34 urterekin. Iaz Nafarroako eta Euskal Herriko txapeldun izan zen eta aurten txapeldunordea bietan. Etxarri-Aranazkoa ez da sasoian heldu urteko lehiarik garrantzitsuenetara, baina oraindik bistan da badituela urte batzuk aurretik. Nafarraren antzeko adinarekin, Beitia, Vicente eta Azurmendi dira aipagarrienak, eta jakina, horien artean Azurmendi gipuzkoarra. Gipuzkoako txapelduna eta Euskal Herriko lau onenen artean sailkatu da.
Gaztexeagoen artean Xabier Orbegozo Arria V.-a aurki dezakegu. Egun 26 urte ditu, eta etorkizuneko aizkolaria izango zela aurreikusten zen. Euskal Herriko Maila Nagusian ibilitakoa da, baina azken bi urteotan ez da lehian aritu. «Aspaldian ez nuen aizkorarik ukitu, eta igandean jardun nuen Errezilen, hango probatxo batean. Ez daukat ilusio berezirik berriro hasteko», aitortu du gipuzkoarrak.Gipuzkoako Maila Nagusiko finalera sartzeko «asmoa» izan zuela dio, baina lehenik II. Mailakoa jokatu behar zuen, horretara jaitsiarazi baitzuten aurreko urtean Maila Nagusikora agertu ez zelako. «Mediku agiria» aurkeztu zuela esan du, baina berandu zen.
Mugertzak ere etorkizun oparoa izan dezake
Gazteenen artean, Ugaitz Mugertza nabarmendu behar da, baina ez soilik igandean txapelketa irabazi zuelako baita bere jarduna ere aipagarria delako. 16 urte ditu, baina mutrikuarrak oso gaztetxotik ekin zion aizkorari bere aita Faustoren eskutik, eta Aratz anaia gaztea lagun zuela. «Zortzi urterekin hasi ginen, eta urte bat geroago erakustaldietan», gogorarazi du txapeldun gazteak.
Mugertza argi mintzo da orain arte eginikoaz eta geroaz: «Uste dut pasatu beharrekoarenunerik onenak pasa ditudala, behin txapelketetan hasiz gero sakrifizio handia eskatzen baitu». Mutrikukoak dio orain arte «gustura» aritu dela, gehienbat, igandeko txapelketan bezala,«aurretik aritzen zareneko tarteetan gozatzen da».Dena ez da izan, ordea, ongi pasa eta kontent itzuli etxera. «Erakustaldi asko egin dugu, eta batzuetan aspertu eta erre egiten zara». Astean pare bat entrenamendu egiten duela dio, baina txapelketa garaian; bestela, «astean behin eta gustura». Momentuz aita Fausto du prestatzailea, eta aholku hauek eman dizkio: «Lasai hartzeko behintzat ez, bera ez baita horietakoa. Gehienbat, epaietan hobetzeko, bestela denbora asko galtzen baita».Aurrera begira, badu asmorik gimnasioan hasteko, besoetan indarra hartzeko. Lehiari dagokionez, III. Mailako Txapelketa jokatzea ere «pentsatu» duela gehitu du.
AIZKORA
30 aizkolari, gazteen artean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu