31 euskal kirolari Tokion

Uztailaren 24tik abuztuaren 8ra jokatuko dituzte Olinpiar Jokoak. Euskal Herriko kirolarietatik 22k aurrenekoz parte hartuko dute Olinpiar Jokoetan. Hamalau espezialitatetan lehiatuko dira.

Maialen Chourraut piraguista, Rion, 2016an urrezko domina irabazi zuenean. ORESTIS PANAGIOTOU / EFE
Igor Susaeta.
2021eko uztailaren 19a
15:41
Entzun

Tokioko Olinpiar Jokoak jokatuko dira uztailaren 24tik abuztuaren 8ra, eta horietan Euskal Herriko 30 kirolari lehiatuko dira: 27 Espainiako selekzioarekin, bi Frantziakorekin, eta bat Marokokoarekin —2016ko Olinpiar Jokoetan 35 izan ziren—. Horietatik 21ek estreinakoz parte hartuko dute Jokoetan. Jarraian, lehiatuko diren euskal kirolarien zerrenda, egutegia aintzat hartuta —Euskal Herriko orduan jarrita daude probak jokatuko diren orduak—.

Futbola

Olinpiar Jokoen inaugurazio ekitaldia ostiralean egingo dute, Japoniako hiriburuko olinpiar estadioan (13:00), baina, ohi bezala, futboleko lehiaketa apur bat lehenago hasiko da. Unai Simonek, Martin Zubimendik, Jon Moncayolak, Mikel Merinok eta Mikel Oiartzabalek ostegunean jokatuko dute Espainiako selekzioarekin, Egiptoren kontra (09:30) —beste bi partida jokatuko dituzte ligaxkan—. Dominen jokoan egoteko hautagaietako bat da Espainia. Bost futbolariek aurrenekoz parte hartuko dute Olinpiar Jokoetan.

Arrauna

«Guztiarengatik borrokatzera goaz Tokiora», adierazi berri du elkarrizketa batean Virginia Diazek, Espainian jaio baina Getxon (Bizkaia) bizi den arraunlariak. Lemazainik gabeko bikotekako proban lehiatuko da, Aina Cid katalanarekin. Azkeneko hiru urteotan domina lortu dute Europako Txapelketan, elkarrekin: urrea 2019an, zilarra 2020an, eta brontzea aurten. Diaz aurrenekoz arituko da Olinpiar Jokoetan, eta larunbatean (uztailaren 24a) egingo du debuta, sailkapen fasean, 02:50ean.

Txirrindularitza

<Gorka Izagirrek eta Omar Frailek lehendabizikoz parte hartuko dute Olinpiar Jokoetan, eta Ion Izagirrek, bigarrenez, 2016koetan ere aritu baitzen. Larunbatean (uztailaren 24a) lehiatuko dira, errepideko proban —04:00etan hasiko da—, eta Espainiako selekzioaren lider Alejandro Valverderentzat lan egingo dute. Ion Izagirre erlojupeko lasterketan ere lehiatuko da hilaren 28an (07:00), eta, joan den astean adierazi zuenez, olinpiar diploma lortzea du helburu; aurreneko zortzien artean sailkatzea, alegia. Rion, 2016an, zortzigarren izan zen, hain zuzen.

Ane Santesteban igandean lehiatuko da, hilaren 25ean, errepideko lasterketan. Sentsazio «oso onekin» bukatu zuen Italiako Giroa —joan den uztailaren 11n bukatu zen lasterketa—, eta pozik dago. Rion 47. sailkatu zen.

Badmintona

Clara Azurmendi gipuzkoarra estreinakoz lehiatuko da Olinpiar Jokoetan, eta «presiorik gabe» arituko da. «Lehen helburua gozatzea da». Munduko rankingean 67.a da, eta, horrenbestez, ezustekorik ezean, ez du dominarik lortzeko aukerarik edukiko. Larunbatean egingo du debuta, 13:00etan; C taldean jokatuko du sailkatzeko ligaxka.

Belar hockeya

Jose Maria Basterra getxoztarra moralaren eta ilusioaren zakua ondo beteta heldu da Tokiora: Espainiako Ligako goleatzaile nagusia izan da —Club de Campon jokatzen du—, eta aurrenekoz arituko da Jokoetan. Belar Hockeyko Espainiako selekzioak larunbatean egingo du debuta, Argentinaren aurka (05:15). Ligaxkan beste lau partida jokatuko ditu. Dominen lehiarako hautagaia da Espainiako selekzioa.

Eskubaloia

Espainiako selekzioarekin, Munduko Txapelketan eta Europako Txapelketan dominak kolkoratu izan dituzte Julen Aginagaldek eta Eduardo Gurbindok, baina ezin izan dute gauza bera egin Olinpiar Jokoetan. 2012koetan parte hartu zuten biek, eta Espainia zazpigarren sailkatu zen. Dominen lehian egoteko hautagai sendoa da Espainia. Larunbatean egingo du debuta Alemaniaren kontra (09:15), eta ligaxkan beste lau partida jokatuko ditu.

Espainiako selekziorekin jokatuko dute Nerea Pena eta Ainhoa Hernandez euskal herritarrek, eta hurrengo egunean, igandean, egingo dute debuta, Suediaren aurka (12:30) —beste lau lehia izango dituzte ligaxkan—. Penak eta Hernandezek Rioko jokoetan ere parte hartu zuten, eta orduan seigarren sailkatu zen Espainia; orain, domina bat lortzea dute helburu.

Piraguismoa

Maialen Chourraut laugarrenez arituko da Olinpiar Jokoetan. Pekinen (2008) hamaseigarren sailkatu zen eslalomeko K1ean, Londresen (2012) brontzezko domina kolkoratu zuen, eta Rion (2016) urrezkoa. Tokion ere dominen lehia ibiltzea du helburu; 38 urte ditu piraguistak. Munduko Kopako azken proban, joan den ekainean Pragan, seigarren izan zen. Igandean izango du sailkatzeko proba (06:00).

Ander Elosegi 33 urteko piraguistak ere laugarren aldiz parte hartuko du Olinpiar Jokoetan, eta eslalom piraguismoan hark ere. C1ean laugarren izan zen Pekinen; laugarren, berriro, Londresen, eta zortzigarren Rion. Domina du helburu —lortu izan ditu Europako zein Munduko txapelketatan—, nahiz eta Munduko Kopako azken proban, Pragan, finaletik kanpo gelditu zen. Igandean izango du sailkatzeko proba (06:00).

Iñigo Peña 30 urteko piraguista abuztuaren 4an izango du sailkatzeko proba. K4 1.000 metrokoan parte hartu zuen Rion —bosgarren izan zen—, eta oraingoan esprintean lehiatuko da, baina bikoteka, K2 1.000 metrokoan, Paco Cubelos espainiarrarekin batera. Dominarako hautagaien artean dira.

Pauline Ado, joan den uztailaren 3an, A Coruñan lehiatzen. EFE

Surfa

Surfa aurrenekoz izango da Olinpiar Jokoetan, eta emakumezkoetan parte hartuko duten hogei surflarien artean Pauline Ado 30 urteko lapurtarra dago. 2017an Munduko Txapelketa irabazi zuen. Igandean hasiko da lehiatzen Frantziako selekzioarekin, 03:00etatik aurrera.

Waterpoloa

Alberto Munarriz atzelaria Espainiako selekzioaren zutarrietako bat da. 2016ko Olinpiar Jokoetan ere parte hartu zuen —zazpigarren izan zen Espainia—, eta aitortu du orain «faboritoetako bat» direla. 27 urte ditu iruindarrak, eta Barceloneta taldean jokatzen du. Espainiako selekzioak igandean edukiko du ligaxkako lehen partida, Serbiaren aurka (11:15). Ligaxkan beste lau neurketa jokatuko ditu.

Saskibaloia

Azkeneko orduan sartu da Xabier Lopez Arostegi Espainiako saskibaloi selekzioan. Olinpiar Jokoetarako deituko ote zuten edo ez zalantza-zalantzan ibili da, eta uztailaren 24an selekzioko jokalari batek min hartu ostean dei egin dio selekzionatzaileak. Lehen aldia du Olinpiar Jokoetan. Taldeak uztailaren 26an jokatuko du lehen partida (14:00), Japoniaren kontra. Taldeko ligaxkan, Argentina eta Kanada ere izango dituzte aurrez aurre.

Bela

Kevin Peponnet 470 espezialitatean lehiatuko da Tokion Frantziako selekzioarekin, Jeremie Mion frantziarrarekin bikotea osatuz. Irabazteko lehian ibiltzeko hautagaia da 30 urteko lapurtarra, aintzat hartuta 2018ko Munduko Txapelketan urrea lortu zuela, eta 2019ko Europako Txapelketan brontzea; bietan Mionekin bikotea osatuz. Uztailaren 28an hasiko da lehiatzen (05:05).

Jon Rahm, AEBetako Irekia irabazi zuenean, joan den ekainean. Efe

Golfa

Dominaren bat irabazteko hautagai sendoa da John Rahm, kontuan hartuta joan den ekainean AEBetako Irekia irabazi zuela, eta hirugarren izan dela joan den asteburuan jokatutako Erresuma Batuko Irekian. Hortaz, 26 urteko bizkaitarra aurrenekoa da munduko zerrendan. Uztailaren 29an egingo du debuta, 00:30ean hasita.

Carlota Ziganda bigarrenez arituko da Olinpiar Jokoetan —Rion 39. egin zuen—. 30 urteko golf jokalari nafarra hogeigarrena da munduko zerrendan, eta abuztuaren 4an egingo du debuta, 00:30etik aurrera.

Atletismoa

Atletismo probak uztailaren 30ean hasiko dira, eta egun horretan lehiatuko da Sergio Fernandez 400 metro hesidunetako lehen txandan (03:55). 26 urteko nafarrak bigarren Olinpiar Jokoak ditu: Rion finalerdietara heldu zen —11. denbora onena egin zuen, eta hamarren batzugatik ez zen finalerako sailkatu—.

Teresa Errandoneak 100 metro hesidunetan parte hartuko du, eta uztailaren 31n jokatuko du lehen txanda (03:45). 25 urteko gipuzkoarrak joan den ekainean egin zuen bere marka onena: 13,04. Estreinakoz arituko da Olinpiar Jokoetan.

Asier Martinez nafarrak ere aurrenekoz parte hartuko du 21 urterekin, eta Tokiora heldu da 110 metro hesidunetan 23 urtez azpikoetako Europako txapeldun izan ondoren. Haren entrenatzaile François Beoringyanek esan du Martinez «presiorik gabe» lehiatuko dela. Abuztuaren 3an korrituko du lehen txanda (12:10).

Abuztuaren 4an, 02:05ean, Odei Jainaga xabalina jaurtitzaileak hasiko du sailkatzeko proba. 23 urteko gipuzkoarrak lesio bat du sorbaldan, eta adierazi du ez duela dominaren lehian aritzeko itxaropenik, eta «esperientziarekin» gozatzera joango dela.

Olinpiar Jokoak amaitu bezperan, abuztuaren 7an, korrituko dute maratoia (03:15 aldera bukatuko da), eta horretan parte hartuko dute Elena Loyok Espainiako selekzioarekin, eta Majida Maayufek Marokokoarekin —2012tik bizi da Euskal Herrian—. Loyoren (38 urte) markarik onena 2.28.25ekoa da, eta Maayufena (32 urte), 2.29.24koa. Biak aurrenekoz lehiatuko dira Olinpiar Jokoetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.