Atletismoa

31.276 korrikalarik eman dute izena Behobia-Donostian

2002tik lehen aldiz jaitsi da izen-emate kopurua. 10-14 gradu, euria eta ipar-mendebaldeko haizea daude iragarrita iganderako. Antolatzaileek are gehiago indartu dute mediku zerbitzua.

jarraia128539.jpg
unai zubeldia
2016ko azaroaren 9a
13:35
Entzun

"Aurten lan handia egin dugu osasun arloan. Mediku talde bat etorri zen gugana gaia aztertzeko proposamenarekin, eta oso prozesu aberatsa izan da". Iñigo Etxeberria Behobia-Donostiako koordinatzaileak lasterketako mediku zerbitzua goratu du. "Pauso handia eman dugu". Iaz 31 urteko korrikalari bat hil zen Donostian, helmugan, eta arlo hori are gehiago indartu nahi izan dute antolatzaileek. Igandean jokatuko da Behobia-Donostia lasterketa, eta antolatzaileek prest daukate guztia.

2002tik lehen aldiz, jaitsi egin da izen-emate kopurua. 34.000 izan ziren iaz, eta 31.276 aurten; mantendu egin da emakumezkoen kopurua. 09:30ean abiatuko dira gurpildun aulkian eta handbike-etan parte hartuko dutenak, 09:35ean patinatzaileak, eta 10:00etan lehen korrikalariak. Irteerara garraio publikoan joateko aholkua eman dute antolatzaileek, eta lasterketan zehar "zentzuz" jokatzeko. "Erretiratzeko 23 gune izango dira ibilbidean, eta mesedez eskatzen dugu gaizki doala ikusten duzuenari ez jarraitzeko eskatzeko". Felix Zubia medikuaren aholkua izan da hori.

Parte-hartzaile nagusiei dagokienez, Raquel Gomez iazko garailea, Paola Mayobre, Vanessa Veiga, Aroa Merino, Mamen Ledesma eta Claudia Beobide irteeran izango dira emakumezkoetan; Pedro Nimo, Jose Carlos Hernandez, Carles Castillejo iazko garailea —ez dago argi oraindik garaipenaren lehian sartuko den—, Pablo Villalobos eta Ivan Fernandez gizonezkoetan. Azken hori, gasteiztarra, zalantzan egongo da azken unera arte.

Igandeko lasterketaren aurretik, etzi irekiko dute korrikalarien azoka, Anoeta estadioan, eta larunbatean izango da Korrika Txikia, 15:00etan hasita. 3.100 haurrek eman dute izena aurten. Behobia Gaztea, berriz, igandean bertan jokatuko da; 09:30ean Herreratik abiatuko dira 14-18 urte arteko 299 korrikalariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.