464 aldiz gorritxo

Betisen aurka, 464. partida jokatu zuen Patxi Puñalek Osasunaren lehen taldearekin, 1997an debuta egin zuenetik26 urterekin lortu zuen finkatzea lehen taldean, eta 37rekin, unerik gozoenetakoan da

Iruñea
2012ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Patxi Puñalena ez da Lehen Mailako jokalari baten ohiko historia. Gehienei baino gehiago kostatu zitzaion Lehen Mailan aritzeko aukera izatea. Hirugarren Mailako bi taldetan eta Bigarren Mailako batean utzita aritu ondoren, Osasunara itzuli eta 26 urterekin lortu zuen lehen taldean finkatzea. Egun 37 urte ditu, eta igandeaz geroztik, Osasunaren lehen taldearekin inoiz partida gehien jokatu duen futbolaria da. Puñalekez du asmorik 464 partidarekin planto egiteko, dena dela, eta500 partidako langa ere gaindi dezake.

«Sentipen gozoak izan ditut, eta ez ditut inoiz ahaztuko. Mundu guztiari eskerrak eman nahi dizkiot: zelaian egon direnei eta egun hauetan hainbeste maite nautela erakutsi didaten guztiei. Tamalez, ezin izan dugu garaipen batekin arratsaldea biribildu, baina hemen bizitakoa ez dut inoiz ahaztuko», esan zuen Puñalek igandeko partida amaitu ostean. Iruñeko Salesianosen hasi zen futbolean gaztetan, Osasunako gazteek entrenatzen zuten zelai berean. Bosteko futbolerako fitxatu zuten gorritxoek, eta bigarren talderainoko bidean gazte maila guztietatik pasatu zen. «Ordura arte, dena ikastea eta gozatzea izan zen», gogoratu du Uharteko futbolariak.

Bigarren taldean tokirik ez, eta Oberenara joan zen, utzita, Hirugarren Mailan lehiatzeko prest. Lucas Girling enpresan —autoetarako galgak egiten zituen Orkoiengo enpresan— lanean hasi zen garai hartan, lana eta futbola uztartuz. Hurrengo denboraldian Eguesen izan zen, utzita, Hirugarren Mailan orduan ere. Eta orduan, Ipintza aurrelari zestoarrarekin batera Osasuna Brako deitu zuten. 1997ko ekainaren 15ean jokatu zuen lehen aldiz lehen taldearekin, Eibarren; banako emaitzarekin amaitu zen neurketa. Partida iskanbilatsua izan zen, Eibarrek irabazi egin behar baitzuen laugarren geratu eta milioi bat euro inguruko saria jasotzeko, eta Osasunak ez zuen ezer jokoan. Hala ere, gogotik saiatu zen Iruñeko taldea Ipuruan.

Lehen taldean geratu zen Puñal, baina 1999ko abenduan Leganesera joan zen utzita, urte eta erdirako. «Nola pentsatuko nuen 464 partida jokatuko nituela lehen taldean, ikusita tailerrean lanean hasi nintzenean jada ez nintzela gazte-gaztea?», aitortu du Puñalek.

Baina lortu du. Eta ez dirudi igandekoa azken partida izango denik, gainera. Igandera arte Jose Manuel Etxeberria goizuetarra zen Osasunarekin partida gehien jokatu zuen futbolaria (463). «Puñalek lortutako marka dela eta, jende asko gogoratu da nirekin. Nire markak onena izaten jarraitzea nahiko nuke, baina Patxik hobetu egin du, eta zer egingo dugu, bada; Patxi zoriontzea besterik ez zait geratzen. Segi dezala aurrera».

Etxeberriaren arabera, taldearekin «konpromiso handia» duen jokalaria da Puñal, eta «meritu handikoa» da lortu duen marka. «Neurri batean, neure burua gogora datorkit Puñal ikusten dudanean. Kapitaina da, eta zelaian, kasik bigarren entrenatzailea. Jokatzeari utzi nionean bigarren entrenatzailea izan nintzen Pedro Mari Zabalzarekin. Fermin Ezkurraren zuzendaritza taldean ere izan nintzen gero, eta gazteak entrenatzen ere jardun nuen». Guztira, 25 urte egin zituen Etxeberriak Osasunan. Puñalek beste horrenbeste egingo ote dituen? «Ez dakit futbolari izateari uzten dionean klubean jarraitzeko asmorik izango duen ala ez, baina ekarpen ona egingo luke hor ere. Dena dela, behetik inor hoberik ateratzen ez den bitartean jokatzen jarraituko du, eta gaur egunjokalari garrantzitsua da oraindik ere Osasunan. Lesioekin-eta zorte apur bat beharko du, baina oraingoz ez da bere jokalari ibilbidearen amaiera ikusten inondik inora».

Jose Luis Mendilibarrek, berriz, 40 urtera arte jokatzen jarraitzeko gai ikusten du Puñal. «Beti izan ditu aldekoak eta kontrakoak, baina orain, 37 urterekin, denak konbentzitu ditu, taldean ez dagoenean nabaritu egiten baita haren hutsunea. Sasoi hasieran beste urtebete geratzen zitzaiola esaten nion txantxetan, gehienez ere beste urte bat oparituko ziotela, baina orain 40 urte arte jarraitu beharra daukala esaten diot. Inoiz ez du minik hartzen, entrenamendu eta partida guztietan prest izaten da, eta horrek ere asko esan nahi du».

Mendilibarrek badaki jokalari gazteentzat eredu dela Puñal, eta bere ondoan izan nahi du, badaezpada ere. Oier Sanjurjoren gisako jokalarientzat garrantzitsua da halako eskarmentua duten jokalariak izatea taldean: «Etxeko jokalariontzat eredu da Puñal. 26 urterekin lortu zuen Lehen Mailan finkatzea, ordura arte Bigarren Mailan utzita ere aritu behar izan baitzuen. Eta horretan badu nire antzik. 26 urte ditut nik ere, eta Celtan utzita egon ostean itzuli naiz Osasunaren lehen taldera. Oso zaila izango dela badakit, baina ez legoke gaizki Patxiren marka berdintzea edo gutxienez marka horretara gerturatzea», esan zuen iragan astean Lizarrako jokalariak. Eta ez du erraza izango, ez, Puñalek eginikoa inor gutxik egin ohi baitu futbol profesionalean. Ezohiko kasua da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.