47.000 kilometroen urtea

Urte eta erdi da Innpalak pala kudeatzeari ekin ziola, eta hori errentagarri bilakatzea eguneroko erronka da. Andres Llosaren lana da, modalitatea Euskal Herrian hedatu nahi duen gerentearena.

Pablo Fusto eskuinez pilota jotzen, iragan larunbatean jokaturiko Munduko Binakako Pala Txapelketako finalean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2013ko martxoaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Urtebetean 47.000 kilometro egin ditu autoarekin, eta Euskal Herriko errepide mapa buruan iltzatuta dauka. «Eta palistek, berdin», zehaztu du. Maletatxoarekin udaletxeetako ateak jotzean datza bere lana: pala eskainiz. «Garai batean aski ezaguna zen, baina orain dena azaldu behar duzu, eta bere bertuteak goretsi: zailtasuna, abiada...». Andres Llosaren (Portugalete, Bizkaia, 1972) azalpena da, Innpala enpresako gerentearena. Bere nahia erraz laburbildu du: «Bilbotik kanpo ere palan joka dadila».

Urtebete pasatu da postuan hasi zela, Custom Sportek Bizkaia pilotalekuaren kudeaketa hartu eta pala profesional egitasmoa martxan jarri zuenean. Bizkaiko Foru Aldundiarekin sinaturiko kontratuak behartzen zuen pala sustatzera, urtean jaialdi kopuru jakin bat antolatuz. Askorentzako pagotxa zirudien kontratu baten puntu beltza zen, zama bat. Llosa mindu egiten du hori entzuteak. «Ez da hala, Innpalak pala kudeatzen du. Asfedebiren aroaren ondoren zegoen palista multzo bat hartu zuen, eta hemen daude. Palak badu bere tokia, eta hemen gaude, lanean eta irauten. Garai bateko sona galdu du, egia da, eta ez gara iristen gaur egun eskuak duen maila ekonomikora, baina aurrera aterako dugu, ziur nago».

Bi eremu geografikotan hedatzen da pala: Bilbo, eta beste guztia. Azken esparru horretan binakako azken Munduko Txapelketa izan da ginga, Donostiako Karmelo Baldan jokaturikoa. Llosak hitz onak baino ez ditu. «Jendaurrean eskertzekoa da Gipuzkoako Federazioak eta Donostiako Udalak eginiko apustua. Pala zabaltzeko aukera ezin hobea izan da, are gehiago Balda bezalako pilotaleku zorrotz batean».

Udalen diru kutxak dardarka dauden garai batean, ez da lan erraza pilota saltzea. Hala ere, iazko udan Innpalak 40 jaialdi jokatu zituen Bilbotik kanpo. «Eskua ETBk erosi zuenetik, garai onak izan ditu; guk, aldiz, koadernoa eraman behar dugu besapean. Iazko uda ez zen izan txarra: Iruñean, Donostiako Aste Nagusian, Deban, Urretxun... egon ginen. 2.000 eurotik aurrera bi partidako jaialdi on bat duzu». Zifra kokatze aldera, Aspe edo Asegarceko jaialdiek 12.000 euro balio dute. Eta eskua eta pala batera? Custom Sportek harreman estua du Asegarcerekin —Customeko presidentea Bainet EPELeko irudi eskubideak kudeatzen duen enpresako administratzailea da—. «Urrun dago aukera hori. Bi kirol desberdin dira. Noizbait jokatu izan dugu bata bestearen ondoren, baina modalitate bakoitzak bere esparrua du».

Urte eta erdiko balantzea egiten hasi, eta baikor ageri da Llosa. «Helburuen epeak aldatu behar izan ditugu, lehen epe motzekoa zena orain erdikoa da, eta erdikoa zena, luzekoa». Pala profesionala errentagarri egitea ez da erraza, Aldundiak Custom Sporti emaniko diru laguntza hor egonda ere. Llosa zuhurra da. «Irautea, pala hor egotea eta zenbaki gorriak saihestea da kontua. Etorkizuna? Iazkoa hobetzea eta ahal dugun eta hobekien jardutea». Azken hamar urteetan palak komeria ugari izan ditu: Eusko Basque, Emanbilbo eta Asfedebi enpresak; ia urtebeteko etenaldia; orain Innpala... Dena den, egonkortasun aro bat iritsi dela dirudi, Customek beste bi urterako kontratua baitu aldundiarekin.

Eta Bilbon, zer moduz? Astero jokatzen da jaialdi bat. «Tira, sekulako azpiegitura dugu, eta hori pagotxa da. Bizkaia pilotalekuan bikain ikusten da pala. Sarrerei dagokienez, azken biak oso onak izan ziren, egia da bi final izan zirela, baina 400 ikusletik gora bildu genituen». Hurrengo asteetan buruz buruko txapelketak beteko du programazioa. Eta telebista? Pilota profesionala ia ezin da ulertu telebistarik gabe. «ETBri zer eskertua badugu. Hogeita hamar jaialdi inguru ematen dituzte urtean. Finalekin zuzenekoen bidea ireki dugu, eta egia da zuzeneko gehiago nahiko genituzkeela, baina bidea dugu egiteko oraindik».

Hamalau palista bakarrik

Innpalak hamalau pilotari ditu, eta Manu Galanek lesio larria du gerrian. «Maila ikaragarria da, ehun txapeletik gora daude aldagelan». Hori da, besteak beste, debut urrien arrazoietako bat. «Kopurua beharren arabera egokitzen da, baina ezin da ahaztu gutxieneko maila bikaina dela. Kontuan hartu behar da kirol txikia dela, eta aukerak murritzak. Gainera, ia palista guztiek lanarekin uztartu behar dute jarduna, eta ez da erraza». Hori bai, enpresak ez du intendenterik, erremintan bereziki figura klasikoa den teknikari ia orojakilea. «Hala hasi ginen. Emaitzen araberako rankinga erabiltzen dugu antolatzeko, objektiboagoa da».

Palistak pozik daude. Hala uste du gerenteak, hein handi batean enpresaren egoera ondo ulertu dutelako. «Pilotari hauek denetarik bizi izan dute, eta oraingoz pozik daude, euren irudipena da bide onetik goazela. Munduko Txapelketak ilusioa piztu die, eta beste guztiok dugun jarrera dute, zure onena emateko prest egotearena eta gustatzen zaien hori egitetik bizi ahal izateagatik zortedun sentitzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.