Beñat Etxebarria. Athleticeko jokalaria

«60 puntutik gora egongo da Europarako sailkapena»

Athleticen iparrorratza da Beñat Etxebarria, talde zuri-gorriaren erasoko jokoaren iturburua. Hamaikakoan lekua egitea kostatu zitzaion arren, egun inork ez du haren maila dudan jartzen.

MIGUEL TOÑA / EFE.
haritz gallastegi
Bilbo
2017ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Denboraldi hasiera aparta egin ostean, lesio txiki pare batek eragina izan zuten Beñat Etxebarriaren jokoan. Hala ere, azken jardunaldietan bere onera bueltatzen ari da erdilari igorreztarra, eta haren ekarpena ezinbestekoa izango da Athletic Europa ligarako sailkatzeko lehian.

Aurreko astean, indarberritzeko aukera izan zenuten ligaren azken txanpari ekin aurretik. Hasteko, Sadar bisitatuko duzue larunbat honetan. Europako ligarako sailkatu nahi baduzue, ezin duzue kale egin Osasunaren aurka.

Hala da. Gure helburua zein den jakinekoa da, Europarako sailkatzea, eta, hortaz, jokoan dauden partida guztiak garrantzitsuak dira. Osasunaren kontrako lehia ez da erraza izango, baina sailkapenaren goian egoteko irabazi egin behar dugu.

Osasunak oraindik ez du etxean irabazi. Athleticek ez du gurako Sadarren galtzen duen lehen taldea izatea. Horrek ardura handiagoa sortzen dizue?

Partida gogorra izango da. Osasunak lehen garaipena eskuratu gurako du, eta estu hartuko gaitu. Lanerako prest zelairatu behar gara.

Osasuna gogotsu zelairatuko da, bai. Petar Vasiljevicek zuzentzen duen taldearen ibilbidea okerra da, baina derbietan aritu da ondoen.

Ilusio handiz eta gogotsu zelairatuko den kontrarioa espero dugu guk. San Mamesko derbian ikusi genuen zer egiteko gai den Osasuna —bana amaitu zen norgehiagoka—.

Ez da erraza izan behar Osasunako jokalarien egoeran egotea. Zelaian ez zaizkie gauzak ongi ateratzen, eta kirol arlotik kanpo egunero dago arazo potoloren bat klubean.

Gogorra izan behar du. Egunero daukate auzi berri bat. Horrela gaitza da buru-belarri lanean aritzea. Kontzentrazioari eustea nekeza da. Hala ere, Osasunak puntu gehiago irabazteko merituak egin dituela uste dut. Garaipen premia dute, eta gauzak ondo egiten ahaleginduko dira.

Nolako derbia espero duzu?

Borroka handiko partida espero dut. Joan-etorrikoa izango da. Gu gure dohainak nagusitzen ahaleginduko gara. Hasieratik, partida irabaztera zelairatuko gara. Aukerak sortzen saiatuko gara. Bestalde, Osasunak ere garaipena eskuratu nahiko du, eta, horren ondorioz, lehia polita izango da.

Athleticen helburua Europarako sailkatzea da: bosgarren, seigarren edo zazpigarren sailkatuta helburua lortuz gero, ontzat emango duzue?

Aldea dago postu bat lortuta edo bestea lortuta sailkatzea. Zenbat eta atzerago sailkatu, orduan eta lehenago hasi beharko dugu lehiatzen udan. Atariko gehiago jokatu beharko ditugu. Beraz, ahalik eta posturik onena lortzea dugu xede.

Azken sailkatuari irabaztea derrigorrezkoa dela uste du inguruak. Gauzak erraz ikusten dira, eta gero etortzen dira ezustekoak.

Goren mailan ez dago norgehiagoka errazik. Gauzak ondo egin ezean, ordaindu egiten da. Gertatu zaigu, eta aurrerantzean berriz ez gertatzeko egingo dugu lan.

Taldean eragina izan al du inguruak lehia erraza dela esateak?

Ez. Guk ez diegu kontu horiei erreparatzen. Nik ez, behintzat, eta nik dakidala gainerako taldekideek ere ez. Guk ondo eta txartojokatu, partida guztiei ematen diegu merezi duten garrantzia.

Athleticen gai nagusia entrenatzailearen etorkizuna da. Ernesto Valverde al da entrenatzaile egokia datorren sasoian taldea entrenatzeko, edo, hark sarri esan duen moduan, bost urte larregi da?

Valverdek taldearen babesa dauka. Gustura gaude. Haren aginduetara, urtero sailkatu gara Europan aritzeko. Beste urtebetez jarraitzen badu, taldeak pozik hartuko du berria.

Jarraituko duela uste duzu?

Ez dakit zer egingo duen, baina nik jarraitzea gura dut.

Bartzelonatik datozen notiziek izan dezakete eraginik taldearen ibilbidean?

Ez. Taldeak argi dauka zer gura duen eta zer egin behar duen helburua lortzeko. Azken txanpan, jokoan dauden puntu guztiak irabaztera zelairatuko gara.

Zurrumurruek behar baino indar handiagoa hartu aurretik taldea utziko zuela iragarri zuen Luis Enriquek. Horrek askatu egin zuen Bartzelona. Ez al da zuzenagoa gauden egoeran erabakiaren berri ematea?

Ez dauka aparteko garrantzirik. Jokalariak profesionalak gara, eta gure lana egiteko era ez da aldatuko.

Futbol kontuetara itzuliz, emaitzak ez dira txarrak izan, baina taldearen jokoak ez du jarraitzailea bete. Asko kostatu zaizue zuen onena erakustea. Zer falta izan zaio taldeari?

Partidak irabaztea oso gaitza da. San Mames bisitatzen duten aurkari gehienak atzean sartzen dira, eta ez da erraza izaten korapiloa askatzea. Kanpoan gorabehera gehiago izan ditugu, baina, hala ere, uste dut puntu gehiago merezi izan ditugula. Oro har, nik ez dut taldea txarto ikusi. Ondo jokatuta irabaztea da talde guztien helburua. Guk ere nahi dugu jarraitzaileak pozik edukitzea, baina beti ezin da. Emaitza onak lortzea da garrantzitsuena.

Real Madrilen kontra etxean jokatutako azken partida salbuespena da, baina aspaldian giro hotza egon da San Mamesen. Taldeak nabaritu du?

Nabaritu du, bai. Azken partidetan, San Mameseko zaleak ez dira beste batzuetan bezain bero egon. Nik uste dut Europa ligako porrotak eragina izan duela. Hala ere, taldeak ondo erantzun du. Kolpea hartu genuen, baina aurrera egin dugu. San Mamesek berriz egingo du bat taldearekin.

Taldearen jokoa hobetu egin da azken partidetan. Astean partida bakarra jokatzeak mesede egin dizue?

Ez. Guk Europan jokatzea gura dugu, eta ez dugu aste barruko partidak aitzakia gisa erabili behar. Nekea nabaritzea normala da, baina ez dut uste hori denik arrazoia. Azkenaldion, hobetoaritu etxetik kanpo, eta hori da ikusten dena.

Vila-real eta Reala daude orain Athleticen aurretik. Bi taldeen ibilbidea aintzat hartuta, zein talde uste duzu izango dela errazagoa gainditzeko?

Bi taldeak ikusten ditut ondo. Denboraldi oso ona egiten ari dira. Guri Vila-realen kontra lehiatzea egokituko zaigu sasoia amaitu aurretik, eta argi dago lehia horrek garrantzi handia izango duela.

Europa ligarako sailkatzeko 60 puntu irabazi behar direla esan ohi da. Aurten langa hori gainditu beharko dela iritzi diozu?

Bai, puntu gehiago beharko direla uste dut, 60 puntutik gora. Baina ikusi egin beharko da zer egiten duten Realak eta Vila-realek denboraldia amaitzeko geratzen diren hamar partidetan.

Zuri dagokionean, gustura zaude eskaintzen ari zarenarekin?

Bai, gustura nago. Badakit askoz gehiago eman dezakedala, baina ontzat ematen dut egiten ari naizen jokoa.

30 urte bete berri dituzu. Beraz, berezko talentuari eskarmentua gehitu diozu. Pisu handia daukazu Athleticen. Hori guztia aintzat hartuta, zure kirol ibilbideko unerik gozoenetako batean zaude?

Baiezkoan nago. Oso pozik eta gustura nago. Ez daukat kexatzeko arrazoirik.

Zenbat urte on geratzen zaizkizu?

Unean-unean bizi naiz, eta ez dut etorkizunean pentsatzen. Ez dakit zenbat iraungo dudan maila onean. Egun, kontratua daukat Athleticekin, eta gero gerokoak.

Talde zuri-gorrian gustura zaude?

Bai.

Baina beste esperientzia bat bizitzeko tentaziorik izan duzu? Buruan daukazun zerbait da?

Ez dut aurrera begiratzen, baina ondo ezagutzen dut futbola. Gaur talde batean gaude, eta bihar beste batean. Nik bizi izan dut egoera hau. Beraz, prest egon behar gara edozer gauzari aurre egiteko.

Egun, Aritz Aduriz, Raul Garcia, Oscar De Marcos edo zuk zeuk osatzen duzue taldearen bizkarrezurra, baina gazteak gogor datoz. Belaunaldi berriarekin bermatua du geroa klubak?

Etorkizuna bermatuta dago. Haztegian oso lan ona egiten ari dira, eta etengabe ari dira futbolariak lehen taldera ailegatzen. Egun daudenak onak dira, eta gehiago etorriko dira.

Yeray Alvarez, Kepa Arrizabalaga eta enparauak erakusten ari diren patxadak harritu egin al zaitu?

Egiari zor, oso arraroa da jokalari gazteen artean horrelako lasaitasunez jokatzen dutenak aurkitzea. Oso ondo egokitu dira gorengo mailan.

Emaitza bat derbirako?

0-2 irabaziko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.