Porrot guztiek uzten dute aho zapore mikatza, baina bada gozotik ere apurren bat duenik. Hain justu, Alavesek horietako bat izan zuen iragan igandean: galdu arren, sasoi honetan inork ez bezala izerdiarazi baitzuen Bartzelona Camp Noun. Hara joatea dentistari bisita egitearen antzekoa dela esan ohi da; bada, Alavesek ireki zuen ahoa, erakutsi zituen hortzak, eta, sufrikarioa jasan beharrean, kosk egin zuen. Ordura arte, etxean jokatutako bederatzi partidetan lau gol jasoa zen Bartzelona. Alegia, arabarrek oso hezur gogorra zuten aurrean. Ez zirudien gaitasunik izango zutenik Ter Stegen, Pique, Umtiti eta enparauak estu hartzeko. Aitzitik, gai izan ziren markagailuan aurrea hartzeko, eta, nahiz eta gol gehiago ez sartu, beste lau bat aukera garbi sortu zituzten.
Labur esanda: ligako sistema defentsiborik sendoenetako bat aztoratu zuten. Eta hori ez da egun bakar bateko inspirazioaren ondorio, joera baten isla baizik. Abelardo Fernandezek alde guztietatik hobetu du Alaves, baina erasoan ari da nabaritzen gehienbat teknikari espainiarraren eskua. Hura iritsi arte, hortzak kamustuta zeuzkaten gasteiztarrek. Eta taxuzko hortzeriarik gabe, ezinezkoa zen hozka egin eta puntu gosea asetzea. Abelardok aitaren batean konpondu du hori. Haren estreinaldian, arabarrek hiru gol sartu zizkioten Gironari. Hasiera bikaina izan zen, eta jarraipena izan du ondorengo asteetan.
Alaves ez dabil agintari. Aurkariei ez die jazartzen baloia hartu eta luzaroan mugituz. Alde horretatik, jokamoldea ez da aldatu. Abelardo iritsi aurretik, batez beste %39,5 izan zuen baloia partidako; orain, berriz, %41ean dago baloia haren oinetan. Aldaketa ez dago hor, taldearen sakontasun eta oldarkortasunean baizik. Orain, gehiago iristen da aurkarien atera. Luis Zubeldia, Gianni De Biasi eta Javier Cabellorekin, batez beste ia hamar jaurtiketa egin zituen neurketa bakoitzean, eta horietatik 2,8k hartu zuten aterako bidea. Ordea, Abelardorekin igo egin da guztira jaurtiketen kopurua, hamabi baino gehiago, bai eta atera egindakoena ere, lautik gora.
Talentua loratu da
Baina aldaketa handiena ez da kuantitatiboa, kualitatiboa baizik. Orain askoz ere eraginkorragoa da Arabako taldea: Abelardok zuzenduriko hamabi partidetan, hemezortzi gol sartu ditu, hau da, 1,5 lehiako. Beste entrenatzaileekin, batez beste 0,73 sartzen zuen, eta 2016-17ko sasoi arrakastatsuan, berriz, 1,1. Saiakera gehiago egiten ditu orain, eta, batik bat, askoz ere probetxu handiagoa ateratzen die. Gasteiztarrak errazago iristen dira arriskuzko guneetara, eta, hartara, haien jaurtiketak mehatxu handiagoa dira orain. Horri erasoko jokalarien inspirazioa gehitu behar zaio.
Nola lortu duen Abelardok Alavesen erasoko jarduna itxuraldatzea? Erantzuna ez da zaila: logikari heldu, eta bere esanetara duen taldearentzat egokienak diren mekanismoak ezarrita. Horietako bat da, kasurako, presio aurreratua. Usuki, arabarrek aurrean estutzen dituzte aurkariak, eta horrek aukera ematen die baloia toki arriskutsuetan lapurtu eta eraso biziak antolatzeko, itzulingurutan ibili gabe. Atzetik abiatutako kontraerasoak dira ondo menperatzen dituzten beste erregistroetako bat, Bartzelonaren kontra ederki asko ikusi zenez. Eta jokoaren ekimena dutenean, mugikortasuna da gakoa. Modu horretan, aurkariak aztoratu eta hutsune baliagarriak sortzen dituzte.
Jokamolde horri esker, loratu egin da sasoiaren lehen herenean kuskuan gordeta egon den talentua. Orain gozatzen ari dira Munir, Ibai, Sobrino, Pedraza eta Tomas Pina. Gainera, Guidetti eta Hernan Perez batu zaizkie. Aurrelari suediarra puntaren puntan ipinita, baloi luzeez profita daitezke gasteiztarrak, aurreko denboraldian Deyversonekin egin moduan. Paraguaitarra, berriz, eskuin hegalari sakontasuna emateko fitxatu dute.
Abelardok hortzak zorroztu dizkie
Gatza eta piperra eman dizkio entrenatzaileak Alavesen erasoari. Hark ezarritako moldaketek joko bizia eta golak ekarri dituzte. Erdilari eta aurrelari gehienak gozatzen ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu