Abiadura hartu nahi dute

Bera Berak gaur ekingo dio berriz ligari, Granollersen. Carmen Arroyok «gogotsu eta ilusioz» ikusten du taldea. Erdilaria denboraldi honetan iritsi zen Donostiara. «Bigarren itzuli honetan gehiago eman nahi diot taldeari, erasoan batez ere».

Carmen Arroyo
Carmen Arroyo Bera Berako jokalaria, jaurtiketa bat egitear. BERA BERA
ainara arratibel gascon
2023ko abenduaren 22a
05:05
Entzun

Munduko Txapelketa dela-eta izandako etenaren ostean, gaur itzuliko da lehiara Super Amara Bera Bera. Denboraldiaren lehen zatia zapore gazi-gozoarekin amaitu zuen. Izan ere, jokatutako azken partidan, eskura izan zuen Europako Ligako multzoen fasera sailkatzeko aukera. Baina azken jokaldian penalti bat huts egin, eta ezin izan zuen irauli Norvegiako Solaren aurkako kanporaketa. Denboraldiaren bigarren zatiari gaur ekingo diote, bi erronka nagusirekin: Espainiako Kopa —Donostian jokatuko da— eta Liga irabaztea. «Horri begira, abiadura hartu nahi dugu, bai taldeak, baita nik ere». 19 urteko erdilaria denboraldi honetan iritsi da Donostiara, eta, lehen hilabeteetako egokitzapenaren ostean, gehiago eman nahi dio taldeari. Azken egunetan, datorrenari heltzeko hobetu beharreko gauzak lantzen aritu dira. Gaur Granollersen jokatuko dute (20:30) «Aurkari zaila da, batez ere etxean jokatzen duenean». Beti Onak taldeak Guardesi egingo dio bisita (20:45)

Arroyok nabarmendu du «gogotsu» daudela. «Etena ez da horren luzea izan, eta geure kabuz jarraitu dugu lanean. Astelehenean bueltatu ziren Munduko Txapelketa jokatu zuten jokalariak, eta elkarrekin hasi ginen partida prestatzen. Ilusio handia dugu». Berretsi du galdu arren talde moduan «indartu» egin dituela Solaren aurkako norgehiagokak: «Partida oso ona jokatu genuen, eta defentsan zertarako gai garen erakutsi genuen. Kanpoan geratu ginen, baina partida hark zer bideri jarraitu erakutsi zigun. Harro gaude egin genuen partidaz». Aste honetan, korrika egitean jarri dute arreta batez ere. «Hori da gure indargunea. Baina, denboraldi honetan, hainbat partida korapilatu egin zaizkigu, batez ere etxean, partidari ez diogulako behar bezalako erritmoa eman. Hori landu nahi izan du batez ere Imanolek [Alvarez] aste honetan».

Liga ohi baino estuago dago. Lau talde daude goian. Donostiarrak lider dira, 19 punturekin; 18 dituzte Elxek eta Malagak, eta 17 Aula Valladolidek. Azken talde hori denboraldiko ezustea izaten ari da. Laurak aztertu ditu Arroyok. «Malaga egungo txapelduna da, eta, udan egindako fitxaketei esker, izugarrizko taldea dauka. Elxek multzo gaztea du, baina oso ondo ari da. Aula Valladolid, berriz, beti izan da aurkari zaila eta deserosoa, eta denboraldi honetan are gehiago». Lehen itzulian irabazi egin zioten Elxi, berdindu egin zuten Valladoliden kontra, eta galdu Malagan. «Malagan ez zitzaizkigun gauzak ondo atera, eta Valladoliden puntu bat salbatu genuela uste dut». Bigarren itzuliari begira, «abantaila txiki bat» dutela uste du. «Hiruren kontra etxean jokatuko dugu, eta hori beti da garrantzitsua». Horrekin batera, galdetuta zertan diren hobeak aurkariekin alderatuz, hau erantzun du: «Uste dut gure defentsa indartsua dela, eta gauzak oso argi ditugula».

Lehen postuan amaitzea helburu

Aurreko denboraldian, Imanol Alvarezen taldeak lehen postuan amaitu zuen liga erregularra, baina, kanporaketetan, Elxek kanporatu egin zuen finalerdietan. Askok diote lehiaketa sistema berriarekin liga erregularrean gertatzen denak ez duela hainbesteko garrantzirik. Arroyok, ordea, argi du: «Liga erregularra lehen postuan amaitu nahi dugu sasoi honetan; argi dugu hori dela helburua». Taldea apur bat hustuta iritsi zen azken txanpara aurreko sasoian. Alvarezek berak onartu zuen. «Gero ikusiko dugu ahalegina nola neurtu. Horretarako ditugu prestakuntza fisikoko arduradunak; baina, esan bezala, helburua lehen postuan amaitzea da. Kanporaketei begira beti izango da hobea». Kopa ere begiz jota dute. Aurreko denboraldian horren arantza kendu zuten, txapeldun izan baitziren. Baina duela bi denboraldikoa kendu nahi dute orain. Orduan ere Donostian jokatu zen txapelketa, baina Guardesek utzi zituen kanpoan finalerdietan. «Beti da txapelketa berezia, eta, etxean jokatuta, are gehiago». 

Arroyo dagoeneko egokitu da Bera Berara. Udan iritsi zen Gijon taldetik. «Oso gustura nago. Hasieran dezente antzeman nuen aldaketa, batez ere entrenamenduen aldetik. Sekula ez nintzen hainbeste entrenatu, ez pistan, ezta gimnasioan ere. Intentsitatea ere handiagoa da hemen. Baina dagoeneko ohitu naiz». «Gustura» dago orain arte izan dituen minutuekin. «Batez ere defentsan, asko jokatu dut. Ez nuen espero gaztea eta iritsi berria izanda horrenbesteko ardura emango zidatenik. Horrek konfiantza handia ematen dit. Bigarren itzuli honetan erasoan egin nahi dut urratsa, eta arlo horretan taldeari gehiago eman. Lehen partidetan lotuago ikusten nuen neure burua, eta hanka ez sartzea nuen buruan. Orain, lasaiago ari naiz alde horretatik, askeago, ausartago». Partida eta entrenamendu bakoitza «master baten parekoa» dela nabarmendu du, irribarrez. Irakasle onena Esther Arrojeria du. «Azken batean, nire postuan jokatzen du, eta esaten didan guztia oso kontuan hartzen dut. Ikaragarria da jokoa interpretatzeko duen gaitasuna eta erraztasuna». Pistatik kanpo, berriz, denek lagundu diote egokitzen. «Baina batez ere Laura Hernandezekin egin dut harreman oso ona».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.