Jonas Abrahamsen (Uno-X) gailendu da Tourreko 11. etapan. Hasieratik joan dira ihesaldian Abrahamsen eta Mauro Schmid (Jayco), eta azkenean Uno-X taldeko txirrindularia izan da bizkorrena, esprintean, Okzitaniako Tolosako helmugan. Hala, Uno X taldeak estreinakoz irabazi du etapa bat Tourrean. Hirugarren Mathieu Van der Poel (Alpecin) ailegatu da. Pogacarrek sustoa izan du, lau kilometro falta zirenean erori egin baita. Baina azkenean tropelean iritsi da.
Ihesaldietarako egun aproposa zen gaurkoa. Abrahamsenekin eta Schmidekin batera Davide Ballerini (XDS-Astana) egon da aurrean hasieratik. Mathieu Burgaudeauk (Total Energies) eta Fred Wrightek (Bahrain) ere harrapatu dute talde hori helmugarako 82 kilometro falta zirela, eta bertan eutsi diote.
Txirrindulari asko saiatu dira ihes egiten, baina tropelak behin eta berriz harrapatu ditu. Van der Poelek (Alpecin), ordea, lortu du Wout Van Aerten (Visma) eta Quinn Simmonsen (Lidl-Trek) taldean sartzea. Laugarren mailako Montgiscard eta Corronsac mendateak igo ostean, Van der Poelen taldeak 25 segundo ingurura izan du aurreko boskotea. Tropela, aldiz, urrunago egon da, eta hiru minutura urrundu da hogei kilometro falta zirenean.
Hamabost kilometroren faltan, Simmonsek jo du erasoa, eta Wright eta Burgaudeaurekin elkartu da. Ballerini, aldiz, atzerago geratu da, eta Van der Poelen taldean sartu da. Abrahamsenek eta Schmidek aurrean jarraitu dute Vieille-Toulouse mendatearen amaieran.
Van der Poel etapa irabazteko asmoz aritu da, eta erasoa jo du helmugatik zortzi kilometrora. Inork ez dio jarraitu Alpecineko txirrindulariari, eta bere taldea eta Simmonsena atzean utzi ditu. Hala ere, ez ditu Abrahamsen eta Schmid harrapatu. Hala, bi horien arteko buruz burukoak markatu du etapa, eta Van der Poel zazpi segundora iritsi da Okzitaniako Tolosako helmugara.
Pogacar lurrera eta tropela zain
Behin etapako garailea erabakita, ikusmina atzean jarrita zegoen. Izan ere, Tadej Pogacar (UAE) erori egin da lau kilometro falta zirenean, eta 30 segundo galdu ditu, katea atera baitzaio. Berehala iritsi da autoa konpontzeko, eta tropelak itxaron egin dio. 2,5 kilometro falta zirenean batu da tropelera iazko Tourreko garailea, eta UAEk arnasa hartu du.
Ben Healy liderra (Education), Pogacar, Jonas Vingegaard (Visma) eta Remco Evenepoel (Soudal) ihesalditik hiru minutura iritsi dira Okzitaniako Tolosako helmugara. Erori arren, esloveniarrak ez du denborarik galdu sailkapen orokorrean, eta 29 segundora dauka Ben Healy liderra. Irlandarrak 1.29ren aldea ateratzen dio Evenepoeli, eta 1.46rena Vingegaardi.
Atzo lehen atseden eguna izan ondoren, gaur jada lasterketa erdia egin dute. Bihar, aldiz, Pirinioetako mendateetan hasiko dira. Hamabigarren etapa Auchen hasiko da, eta Hautacam mendatean bukatuko dute. 180,6 kilometro egingo dituzte denera, eta lehenengo mailako bi mendate eta bigarren mailako bat igoko dituzte.