Iker Vicente

Adarra enbor bilakatu da

Otsagabiko 18 urteko aizkolariak Euskadiko gazte mailako, hirugarren eta bigarren mailako eta Nafarroako maila nagusiko txapelak irabazi ditu urtebetean. Hemendik aurrera, maila nagusikoekin lehiatuko da.

Julen Etxeberria.
2015eko azaroaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Aitzol Atutxak freskotasuna ekarri dio aizkorari, eta aspaldiko ohitura bat hautsi du: maila nagusiko Euskadiko txapeldunak 30 urtetik gorakoa izan beharra zuela, hain zuzen. Atutxak 26 eta 27 urte zituela jantzi du txapela, inork baino lehenago adinean. Aurretik jokatutako beste hainbat txapelketa —Espainiakoa eta Vasco-Navarro-a—, kontuan hartuz gero, berriz, txapeldun gazteenen artean laugarrena da: Martin Garziarena leitzarrak 22 urterekin jantzi zuen txapela Espainiakoan, 1950ean; haren herrikide Patxi Astibiak, 25 urterekin Espainiakoa eta Vasco-Navarro-a, 1968an; eta, azkenik, adin berarekin irabazi zuen Jose Ignazio Orbegozo Arria II.a azpeitiarrak Vasco Navarro-a, 1970ean.

Euskadikoan, ordea, ez zen izan 30 urtez azpiko txapeldunik Atutxa II.aren aurretik. Miel Mindegia da harengandik gertuen dagoena. Arantzakoak (Nafarroa) 31 urterekin irabazi zuen lehen txapela, 1980ean —28 urterekin Espainiakoa irabazi zuen, 1977an—. Bederatzi irabazi zituen jarraian, 1989an azkenekoa, 39 urte zituela. Floren Nazabalek, berriz, 33rekin irabazi zuen lehena, eta 43rekin seigarren eta azkenekoa; Angel Arrospidek, 34rekin lehena, eta 39rekin seigarrena eta azkena; Joxemari Olasagastik, 37rekin lehena, eta 51rekin seigarren eta azkena; Donato Larretxeak, 37rekin lehena, eta 45ekin hirugarren eta azkena; Iñaki Azurmendik, 39rekin lehena, eta 41ekin bigarren eta azkena; eta Joxemiel Peñagarikanok, 43kin lehena eta azkena. Zazpi txapeldun, eta bat bera ere ez 30 urtez azpikoa.

Atutxa II.ak egindakoa, ordea, txiki gera daiteke aurki. Iker Vicente otsagabiarra oso indartsu dator atzetik. 18 urteko aizkolaria txapelak jantzi eta jantzi dabil azken urtebetean. Euskadiko Txapelketan, gazte mailako eta hirugarren eta bigarren mailako txapeldun izan da, eta Nafarroakoan, bigarren mailakoa eta maila nagusikoa. Bigarren Mailako Euskadiko Txapelketa da irabazi duen azkena, joan den ostiralean, Elizondon (Nafarroa). Bi sari izan zituen batean: txapela eta maila nagusian aritzeko aukera, Ruben Saralegi lehengusuarekin batera. «Oso pozik nago, lortu dudana sinetsi ezinik», aitortu du.

5 urte eskasekin hartu zuen lehen aldiz aizkora. Ez zuen urrutira joan behar izan bila, aitak makina bat baitzituen etxean —Daniel Vicente aizkolaria da haren aita—. 12 urterekin, galdera zuzena egin zion aitak: «Aizkoran serio hasi nahi al nuen galdetu zidan. Baietz esan nion, eta hor hasi nintzen jo eta ke».

Ikasketak bazter batean utzi ditu. Aizkora besterik ez du buruan. «Iaz ikasketak utzi nituen, Australiara entrenatzera joateko. Han zutik aritzen dira; beraz, hemengorako ezer gutxi balio dit. Hala ere, esperientzia oso aberasgarria izan zen. Aurten, berriz, serio heldu nahi nion, eta, horretarako, asko entrenatu beharra nuen. Iruñera ikastera joanez gero, ezingo nuen egin. Horregatik, aurten ere ez dut ezer ikasiko». Ikasi ez, baina lana egin bai. «Amari lagunduko diot aseguruak egiten».

Aitortu du aldatu egin beharko duela entrenamendua maila nagusian aritzeko. «Gehiago entrenatu beharko naiz, gehiago irauteko. Maila nagusiko lanak luzeagoak dira, eta hori landu beharko dut batez ere». Bestelakoan, «betikoari» eutsiko dio: «Bizikleta, mendi bueltak, gimnasioa eta aizkora».

Jarria dio helburua bere buruari: «Lehentasuna mailari eustea da, koskarik ez jaistea. Gero, neure burua ondo ikusten badut, saiatuko naiz lehen seiren artean sartzen». Hori lortuta, maila nagusiko finalean litzateke. «Sekulakoa litzateke, baina badakit lan asko egin beharko dudala horretarako». Jarraian bota du benetako ametsa. «Maila nagusiko txapeldun izan nahi dut. Nazabal, Olasagasti, Mindegia, Larretxea... horiek guztiak miretsi izan ditut. Orain, Atutxa dabil indarrean, eta ez da harritzekoa, sekulako kolpea baitu. Baina nik konfiantza handia dut neure buruarengan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.