Bare zihoan final giroa. Adierazpen sutsurik ez, iraganeko ika-mikarik ez, aspaldiko partez atzerapenik ez, azken orduko aldaketarik ez, ezta arautegiaren irakurketa kriptikorik egiteko beharrik ere... Dena lasai. Pilota aukeraketa zen finaleko bezperek okertzeko zuten azken aukera, eta bazen ikusmina, txapelketa osoan asko hitz egin delako pilotei buruz, gehienetan txarrerako. Eta berriz ere izan ziren hizpide, Xala eta Laskurainentzat. Oraingoan, baina, aurkarien hautuarengatik agertu zuten «kezka», bote handiegia izan dezakeelako.
Laskurainek kexaren azalpen ia akademikoa eman zuen atzo Bilboko Bizkaia pilotalekuko prentsa aretoan. «Haienak oso bote handikoak dira, susmoa ere gehiegi izan daitezkeela: arriskutsuak. Errebote asko egoteko arriskua dago. Erabili ahala botea gutxituz badoa, egokiak izango dira, baina gora egiten badute, txarrak. Ez da erraza esaten, gero, agian, zortzitik pasa ezinik ibiliko garelako, baina inpresioa da gehiegi dela. Asko hitz egin da pilotei buruz, baina partida baldintza dezaketelako da hori». Kexa bainoago kezka da, pilotek partidan izan dezaketen bilakaera ikusi beharko delako.
Orain arteko partidetan pilotek normalean botea irabazi dute, baina, Xalak azaldu zuenez, saskian zeuden pilotak pilotagileak bidalitako sorta berri batekoak ziren. «Harrigarria iruditu zait finalerako sorta berri bateko pilotak erabiltzea. Asko irteten dira frontisetik, eta azpitik dabiltza; orain, higatu ahala zer efektu hartzen duten ikusi beharko da: gelditu, gehiago irten... Gureekin, behintzat, gustura gelditu gara». Titiek eta Merinok, berriz, ez zuten inolako kexarik izan. Egia da lehenbizi mintzatu zirela kazetariekin. Merino gazteak bi bikoteen pilotak «desberdinak» zirela esan zuen; hori bai, aurkariek markaturiko bidean: «Gureak biziagoak dira; haienek bote gutxiago dute».
Lau pilotarietatik hiruk binakako bi final jokatu dituzte gutxienez, eta Merino II.a da txapelen lehian inoiz sartu ez den bakarra. Bera, baina, lasai dago, eta aholku onak jaso ditu. «Finala jokatzeko irrikan nago, baina ez dutitolarririk. Gauzak lasaitasunez hartzeko gomendatu didate, finalera arte burua beste nonbaiten izan, eta ez finalarekin itsutzeko». Laskurainek ere ez du uste gaztearen urduritasunak bere jarduna baldintzatuko duenik. «David plazagizona da; dagoeneko elkar ezagutzen dugu, eta bere maila emango dugu. Guk ez dugu bera kargatzeko taktikarik aurretik prestatuta emango».
Bizkaia pilotalekuko harmailak bete egingo dira, eta zale asko Errioxatik joango dira. «Errioxan giro berezia bizi da egun hauetan, giro pilotazalea. Jendea mugitzeko prest dago», azaldu zuen Titinek. Harentzat, baina, beste zerbaitek egiten du berezi finala: «Ni zoriontsuago nago errioxar batekin jokatu ahal izango dudalako eta hemen nagoela esan ahal izango dudalako». Adinak ere beste aldagai bat beharko luke, baina ez hainbeste. «Finalak jokatzea beti da gozamena, duela hogei urte edo orain». Xalak ere egin zuen Titinen adinaren inguruko iruzkina. «Nik aspaldi esan nion Augustori bera baino lehenago hartuko nuela erretiroa». Lekuinekoak, berriz, nabarmendu zuen finalera «fresko» iristea zela bere ardura nagusia, eta helburua lortuko duela uste du.
Pankartarik gabeko finala
Enpresen Ligak etziko finalean harmailetako beirazko babesetan pankartak edo beste mota bateko ikurrak jartzea debekatu du. Bizkaia pilotalekuan harmailetako babesak beirazkoak dira, eta pankartek lehen ilaretako ikusleei partida behar bezala ikustea eragozten dielako hartu dute erabakia. Zale talderen batek pankarta eramango balu, harmailetako azken ilararen atzean jarri beharko luke. Neurriak eragina izango du, Errioxatik pankarta asko espero baitziren. Merinoren herrikoek patata handidun bat erabili dute txapelketa osoan, eta, pilotariak berak onartu zuenez, are handiago bat egina zuten. Dena den, pilota profesional munduko pankarta ezagunena Emoixok Lasku dioena da, Soraluzeko zaleena, eta hori ere ezingo dute eskegi Bizkaia pilotalekuan.
Pilota. EPELen Binakako Txapelketako finala
Adi egon: errebote arriskua
Xalari eta Laskuraini «oso bote handikoak» iruditu zaizkie aurkarien pilotak, eta kezka agertu dute finala baldintza dezaketelakoTitinek eta Merino II.ak ez dute inolako kexarik izan, eta gustura gelditu dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu