Adina balitz arazoa...

Chris Horner, Samuel Sanchez, Igor Anton... Iragan ilunak eta krisiak jota, txirrindulari asko dago talderik gabe

unai zubeldia
2013ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
«Harrituta nago». Eta normala da. Espainiako Vuelta irabazi eta pasaporte biologikoaren datuak jakinaraztearekin batera geratu da Chris Horner talderik gabe. «World Tourreko talderen baten bila gabiltza, baina...». Ez dago aterik irekita. Bai, 42 urte beteta dauzka estatubatuarrak, baina, zenbakiak esku artean hartuta, oraintxe dago onenean. Samuel Sanchez ere hasi da erretiroari begietara begira. «Ez daukat ezer lotuta». Orain bizpahiru aste inork ez zion sinetsi espainiarrari. Belgika aldetik iritsi zen albistea: «Wanty Groupe Gobertek fitxa dezake Samuel Sanchez». Baina egunen joanarekin itzaltzen ari da aukera hori. 36 urtera doa hura ere, eta bizikletari pedalak kentzen hasi da jada.

«Omegaren eskaintza da onena, eta, ondo bidean, eurekin ariko naiz hurrengo denboraldian». Igor Antonen esanak dira horiek. Orain hilabete ingurukoak. Baina onetik txarrera egin du bideak. «Omegaren zain nago, baina...». Atzoko hitzak dira horiek. 30 urte dauzka galdakoztarrak. 33 Vladimir Karpetsek eta Andrei Kaxexkinek. 32 Juanjo Cobok. 29 Luis Leon Sanchezek eta Tomasz Marczynskik. 28 Grega Bolek. 27 Kevin Seeldrayersek... Puntako txirrindulari dezente ari dira ate-joka; eta puntara iritsi nahiko luketen asko eta asko ere bai. Euren kalterako, ordea, bat egin dute txirrindularitzaren iragan ilunak, eta egun bizitzen ari den krisiak eta egituraren aldaketak.

Oinarria alboratuta, izarrak nahi ditu World Tourrak bere egituran. Talde gutxiago, txirrindulari gutxiago, eta aukera gutxiago. Erraza da ekuazioa. Tartean Euskaltel-Euskadi eta Vacansoleil desagertuta, orain gutxi arte World Tourreko 60 bat txirrindulari zeuden lanik gabe —egiturari eutsita, Trek izango daRadioShacken ondorengoa—. Vacansoleileko dezentek lortu dute lekua beste talderen batean —Boy Van Poppel, Danny Van Poppel, Johnny Hoogerland, Liewe Westra, Romain Feillu, Thomas De Gent edo Wout Poelsek, tartean—. Baina etengabea da erretiroa hartu beharko dutela aitortuz hizketan ari direnen hitz jarioa.

Eta horren atzean ez dago adina edo kalitatea bakarrik. Txirrindularitzak min egin dio txirrindularitzari, eta, urrutira joan gabe, Michael Rasmussenek ondokoa aitortu berri du Horiaren sukarra liburuan: «2003ko Munduko Txapelketan emaitza ona lortuz gero [hiru txirrindulari kanadarri buruz ari zen hizketan, tartean Ryder Hesjedali buruz], 2004ko Olinpiar Jokoetara joateko aukera izango zuten, eta nire etxeko sotora etorri ziren bizitzera. Hamalau bat egun igaro zituzten bertan. Eurekin egin nituen entrenamenduak Dolomitetan, eta bitaminak nola injektatu eta EPOa eta Synacthena [kortisona] nola hartu erakutsi nien». Aitortza guztien azken punta izan da Rasmussenena, eta egiatik asko, gutxi edo ezer ez izan, horren ondorioa ere bada puntako hainbeste txirrindulari azaroaren 13an talderik gabe egotea.

Talde aldaketa dezente

Iraganak, krisiak eta egiturak eraginda ateak itxita egonagatik, txirrindulari dezentek erabaki dute taldez aldatzea. Eta sona handikoak daude tartean. Egungo munduko txapelduna, esaterako, Rui Costa, Movistar utzi eta Lampren ariko da 2014an. Florentziako erakustaldiaren aurretik jakinarazi zuen aldaketa, taldeburu izan nahi zuela argituta, eta opari ederra jasoko dute Italia aldean. Rigoberto Uran ere presentzia bila joango da Skytik Omegara; biziberritzeko asmoz Tom Jelte Slagter Belkinetik Garminera, Gorka eta Ion Izagirre Euskalteletik Movistarrera; eta erronka berriak buruan Sylvain Chavanel Omegatik IAMra. Michele Scarponi eta Mikel Landa taldeburuei laguntzeko asmotan iritsi dira Astanara, eta beste hainbeste egin beharko du Mikel Nievek Skyn.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.