Futbola-Europa Liga

Adurizek ez du gorde pasaportea (1-0)

Athleticek bizirik jarraitzen du Europan, aurrelariak sarturiko gol bati esker. Zuri-gorriek agindu dute, baina aukera gutxi izan dituzte. Hertharen garaipenak asko estutu du multzoa

Aritz Aduriz gola ospatzen. J. Z. / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2017ko azaroaren 2a
23:24
Entzun

Gola. 1-0: Adurizek (70. min.).
Epailea. Pawel Gil (Polobia). Txartel horiak Athleticeko Lekue, eta Balentziagari; eta Oestersundseko Mukiibiri. Txartel gorria Athleticeko Nuñezi (bi hori, 89. min.).
Bestelakoak. 32.354 ikusle San Mamesen.

Europako bidea sufrikario hutsa izaten ari da Athleticentzat, baina oraindik ez du gorde pasaportea. Kontinentean bueltaka ibiltzea aurreko sasoi onaren saria zen, eta goxokia kontrako eztarrik joateko zorian egon zaio. Tira, oraindik ere joan dakioke, multzoko etorkizuna ez baita garbia. Atzokoan, baina, Europa Ligako lehen poza hartu zuten San Mamesko eliztiarrek. Behar zuten garaipen bat, baina ez zen gozamenerako gaua izan, zuri-gorriek ondo kostata irabazi baitzuten. Jokoan agindu arren, aukera garbi oso gutxi izan zituzten, eta bakarra baliatu zuten. Nork? Betikoak. Aritz Aduriz izan zen jokaldi katramilatu bat baliatu zuena gol bakarra sartzeko.
Ikustekoa izan zen Kuko Zigandak nola ospatu zuen gola.  70. minutuan iritsi zen, eta liberazio moduko bat izan zen. Partida «final bat» zela esana zuen, eta horrela bizi zuen. Haren lana ezbaian jartzen ari da jende asko, eta kargua kolokan ez dagoela dirudien arren, San Mameseko marmarrak eragiten dio. Athleticeko entrenatzailearen gorputz lengoaia oso adierazgarria da, eta Adurizek gola sartu arte kirio zaku bat izan zen. Taldea gaizki ez zebilela ikusten ari zen, baina minutuak aurrera zihoazen, eta, saririk gabe, lan onak ez du balio.
Athleticek eta Oestersundsek duela bi aste elkarren aurka jokatu zuten. Bada, atzokoan, bi talde ezberdin ziruditen. Zuri-gorriek itxura hobea eman zuten, ez zen zaila, eta suediarrek apalagoa. Kanpokoek bere arean sartuta egin zuten ia partida osoa, baina euren kasuan ulertzekoa zen. Haiei berdinketak balio zien, eta Athletici ez. Hori dela-eta, Zigandak luxuzko hamaikakoa atera zuen, eta jokalariak erasora jotzeko asmoz zelairatu ziren.
Lehen zatia, eta ia partida osoa, 30 metrotan jokatu zen, zelai erditik Oestersundsen area ertzera zeuden 30 metroetan hain zuzen. Athleticek zuen baloia, baina sakontasunik gabe mugitu zuen. Ez zuen lerro arteko jokorik izan, eta konbinazio guztiak erraz aurreikus zitezkeen. Aukera asko izan zituen, baina ez garbiak, behin eta berriz egin baitzuen talka Oestersunden atzeko lerro sendoarekin. Etxekoek hamar korner atera zituzten lehen zatian, eta ez zuten bat ere ondo baliatu.
Suediako taldea eroso zegoen, kontraeraso bat ehizatzeko prest. Bigarren zatiaren hasieran (48. min.), baina, sustoa hartu zuen, Raul Garciak aukera garbia izan baitzuen. Area txikian bakarrik zegoela baloia buruz garbi jotzeko aukera izan, eta gora bidali zuen. Erdilariak, normalean, ez ditu horrelakoak huts egiten. Aukera horrek Oestersunds pixka bat piztu zuen, eta gehiago egin zuen gora, baina erotu gabe.
Athleticek bide beretik jarraitzen zuen, erdiraketak bilatu eta area ertzean dantzan. Baten batek sartu beharra zeukan, eta 70. minutuan gertatu zen. Jokaldia ere halamoduzkoa izan zen: Lekuek erdiratu eta Williamsek, lehenbizi, ez zion eman baloiari; Raul Garciak, gero, langara bidali zuen; eta aldaratze hori Adurizek ehizatu zuen buruz baloia sareetara bidaltzeko. Fede gola izan zen, suediarren atzelariari buruz buruko lehia irabazi baitzion. Oestersundsek aldaketekin erreakzionatu zuen, baina Athleticek ondo gorde zuen baloia. Amaieran sufritu zuen pixka bat, epaileak Nuñez egotzi zuenean (89. min.). Bilboko taldea bizirik dago Europan, eta gainera albiste ona jaso zuen Berlindik, Hertharen garaipenak (2-0) multzoa estutu baitu.             

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.