Espainiako Kopa (1-0)

Adurizen gol bati esker, finalerdietan da Athletic, eta Espanyol izango du aurkari

Bigarren zatia hasi bezain laster sartu du gola aurrelariak. Lan handia egin dute zuri-gorriek, eta Malagak bukaeran estutu badu ere, merezita gainditu dute kanporaketa. Espanyolek 1-0 galdu du Sevillaren aurka, eta joaneko partidako emaitzari esker (3-1 irabazi zuen) sailkatu da. Julen Etxeberria BERRIAko kazetariak zuzenean  egin du partidaren kontakizuna. 

Athleticeko jokalariak, Adurizen gola ospatzen. LUIS TEJIDO, EFE
jon ordonez garmendia
2015eko urtarrilaren 30a
12:15
Entzun

Berriro sartu da Athletic Espainiako Kopako finalerdietan. Zuri-gorriek 1-0 irabazi diote San Mamesen Malagari, Adurizek sartu duen golari esker, eta hain maitea duen txapelketaren finalaren atarian sartu da. 45. aldiz jokatuko du Athleticek Espainiako Kopako finalerdietan; aurreko 44etan 35 aldiz sailkatu da finala jokatzeko, azkenekoz orain dela hiru urte. Partida polita jokatu dute Ernesto Valverderen jokalariek, eta San Mames zaharrean izaten ziren gau zirraragarri horietako bat bizi izan dute zaleek futbol zelai berrian.

HIru txapelketatan jarraituko du jokatzen, beraz; datorren astean, Torino izango du aurkari Europa Ligako kanporaketan. Espainiako Kopako finalerdiak bi aste barru jokatuko dira. Kopan zortzi aldiz jokatu dute elkarren aurka Athleticek eta Espanyolek, eta zazpitan egin du aurrera Athleticek; Espanyolek 1957an egin zuen aurrera.

Lehen zatian pixkanaka hartu dute zuri-gorriek mendean partida, eta bigarrengoan, Adurizen golaren ostean, gol aukerak bi ateetan izan dira. Horretara behartuta zegoen Malaga; are eta gehiago, banako berdinketarekin finalerdietarako txartela eurena zela jakinda —joanekoan 0-0 berdin zuten—. Aipagarria da horregatik Herrerin Athleticeko atezainak jokatu duen partida. Ondo baliatu du Valverdek emandako aukera, eta sendo agertu da, zenbait gol aukera garbi hutsean utziz. Denboraldiko partida onenetako bat jokatu dute zuri-gorriek.

Iturraspe eta Rico aulkian eseri ditu Ernesto Valverde entrenatzaileak partida hasieran, eta horien ordez San Jose eta Beñat zelairatu ditu. Euri jasa bota du partida guztian, eta horrek jokoa bizkortu du, aukerak alde batean zein bestean erraztuz. Lehen minutuak nahasiak izan badira ere, ordea, pixkanaka Athleticek bere egin du partida, eta gol aukerak iristen hasi dira. Lehen zatian horietako batean Susaetak jokoz kanpo sartu du gola. Lehen zatiko aukera garbiena, hala ere, amaieran iritsi da: Muniainek baloia loratu du, eta gutxigatik joan da kanpora. Aipagarriak izan dira zenbait jokalditan Ochoa Malagako atezainak eginiko geldiketak ere.

Bigarren zatia Adurizen gol azkarrarekin hasi da. Horren ondoren atzera egin du taldeak apur bat, eta Malagak ere jokoz kanpo sartu du gola. Adurizek eta De Marcosek bigarren gola sartzeko aukera ere izan dute, baina ez da iritsi. Valverdek orduan De Marcosen ordez Rico zelairatu du, Malagaren erasoak eusten laguntzeko taldeari. Pixkanaka San Mameseko zaleak ere gora etorri dira, eta "Athletic, Athletic" oihua ozen entzun da futbol zelai berrian. Iturraspe ere sartu da Beñaten ordez, eta Athleticek lortu du azkenean emaitzari eustea. Eguneko hirugarren partidan Vila-realek 0-1 irabazi dio Getaferi (joanekoan ere irabazi zuen), eta lehen aldiz Kopako finalerdietan izango da. Bartzelona izango du aurkari.

Hasierako hamaikakoak:

Athletic: Herrerin; Iraola, Etxeita, Laporte, Balentziaga; San Jose, Beñat; Susaeta, De Marcos, Munian; eta Aduriz.

Malaga: Ochoa; Rosales, Angeleri, Weligton, Antunes; Horta, Camacho, Recio, Juanmi; Amrabat eta Javi Guerra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.