Afrika Kopa azken txanpan sartu da eta etzi jokatuko dira finalerdiak

Egiptok Aljeriaren kontra jokatuko du bat, eta Ghanak Nigeriaren kontra bestea, Zambiak penaltietan galdu baitu

Erredakzioa
Donostia
2010eko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Afrika Kopako entresakarik handiena egina dago jada. Lau onenen artera iritsi da Angolan jokatzen ari den txapelketa. Finalerdietako lehen txartelak igandean eskuratu zituzten Aljeriak eta Ghanak. Atzo, hurrenez hurren haien kontrario izango direnek egin zuten aurrera: Egiptok eta Nigeriak. Egiptok luzapenean irabazi zuen Kamerunen kontra (3-1), eta Nigeriak penaltietan Zambiaren kontra.

Zambiak, aurtengo txapelketako ezustekoak, penaltietara joan beharrik gabe partida aise irabazteko aukera alferrik galdu zuen atzo. Nigeria baino askoz gehiago izan zen lehen bi zatietan, baina ez zuen bere aukerak gauzatzen asmatu eta luzapenera joan zen norgehiagoka. Luzapenean ere kontrarioak baino askoz aukera gehiago izan zituen, baina ez zituen gauzatu, eta penaltien loterian galtzaile suertatu zen.

Egiptok Kameruni luzapenean irabazita egin zuen aurrera (3-1). Duela bi urte bi talde horiek jokatu zuten Afika Kopako finala eta Egiptok irabazi zuen. Kamerunek bazeukan errebantxarako gogoa. Atzeman zen hori partidaren hasieran, jokalariek jarritako grinan eta amorruan. Kontrarioa lotu eta presioan itotzera irten ziren kamerundarrak, eta lortu zuten lehen zatian. 26. minutuan Hassanek bere atean sartutako gola izan zen saria. Kamerundarrek alde zuten partida eta eskura finalerdietarako txartela. Ez zuten, ordea, partida lotzen asmatu. Hassanek sartu zuen berdintzeko gola Kameni atezainak egindako hutsa baliatuta, eta luzapenera eraman zuen partida. Opariak egiten jarraitu zuen Kamerunek -Geremi atzelariak bigarren golean egindakoa kasu-, eta haiek baliatzen Egiptok. Hirugarren gola Hassanek berak sartu zuen falta jaurtiketa bati esker -atezainak asmatu ez, baloiak zutoina jo eta barrura sartu zela esan zuen epaileak, nahiz eta ez zen horrela izan-. Finalerdietako partidak etzi jokatuko dira. Ghana-Nigeria, Luandan (17:00), eta Aljeria-Egipto, Benguelan (20:30).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.