Afrikako Brasil

Ghanako selekzioa Munduko Kopan sekula aritu gabea da aurretik, baina lehen fasea gainditu du eta Brasil txapeldunaren kontra ariko da gaur. Kontinente oso bat du bultzaka.

enekoitz telleria sarriegi
2006ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Egindakoarengatik baino gehiago, egin dezaketenarengatik da konparaketa hori nonbait. Jokalarien kalitatearengatik, berezkoa duten etorriarengatik, izarren izenarengatik eta gaztetasunarengatik. Afrikako Brasil dela diote Ghanari buruz horregatik. Munduko Kopa batean lehen aldiz aritu, eta txapeldunaren kontra jokatuko dute final-laurdenetan aritzeko aukera -Afrikako selekzio batek sekula gainditu ez duen saioa da final-laurdenetako hori-.

Eta hasi dira Ghanari buruz Afrikako selekzioei buruz aritzen diren bezala. Haien dohain fisikoei buruz etenik gabe. Area batean hasi eta bestean bukatu aritzen direla. Zelai erdiak duela sekulako indarra, eta ez dagoela erritmo horri eutsiko dion kontrariorik. Ez dutela baloia sekula lokartzen, garai batean ikastolako patioan bezala aritzen direla dioenik ere izan da. Eta atzealdean Mensah eta Shilla zentralei esprintean irabaziko dien aurrelaririk ez dagoela dioenik ere bai. Taldeak egitura tribala duela ere bota du norbaitek, eta Essien eta Appiah direla egitura horretan buruzagiak.

Topikoak topiko, Afrikako futbolean sona handia izan duen taldea da Ghanakoa. Behea jota egin du denbora asko, eta orain egin du gora. Afrikako Kopa irabazitakoa da (1963, 1965, 1978 eta 1982), eta Ghanakoak dira Afrikan futbolak eman dituen izen asko (Georges Alhassan, Abedi Pele eta Anthony Yeboah, esaterako). 1992an esnatu zen lehenengo lozorrotik. Afrikako Kopa galdu duen urte hartan Boli Kostaren kontra, penaltietara, baina brontzezko domina irabazi zuen hurrena Bartzelonako Olinpiar Jokoetan. Sammy Kuffour, Isaac Asare, Mohamed Gargo, Yaw Preko eta Kwame Ayew ziren talde hartako gazteak. Hurrengo urteetan sekulakoak egingo zituztela zirudien, baina ez zen horrela izan. AEBetako Munduko Kopan aritzeko ez ziren sailkatu, Burundiren kontra inork espero ez zuela porrot eginda (1994). 1996ko eta 1998ko Afrikako Kopan ez zuten deus egin, eta Munduko Koparako sailkatu ahal izatea amesgaizto bihurtu zen. 1998an Frantzian jokatzeko ez ziren sailkatu, eta Maroko eta Sierra Leonaren atzetik gelditu ziren. 2002an Hego Korea eta Japonian aritzeko Sudan eta Liberiaren kontra galdu zuten sailkatzeko fasean. Sekulakoak egin behar zituen taldea ezerezean ari zen gelditzen, eta Nigeria eta Kamerun bizilagunak ari ziren hazi eta hazi. 2004an jo zuen Ghanak behea erabat. Afrika Kopa jokatzeko sailkatu ere ez zen egin, eta Ruanda eta Ugandaren atzetik gelditu zen. Herrialde osoa jarri zen sutan, sekulako umilazioa zelako hura. Bukhard Ziese entrenatzaile alemaniarra kargutik kendu zuten, eta Ralf Zumdick haren herrikidea jarri. Hiru hilabetera utzi zuen hark taldea, Hanburgo entrenatzera joateko. Mariano Barreto portugaldarrari eman zioten ardura, baina galdu egin zuten Burkina Faso eta Hegoafrikaren kontra jokatutako lehen partida, eta kargutik kendu zuten. Nor jartzeko? Afrikako Kopan Ruandak taktikoki eman zien jipoiaz akordatuta, Ratomir Dujkovic. Hark gauzatu du iraultza.

Hark utzi zituen deialdietatik kanpora ordura arte ohikoak ziren jokalariak (Ofori-Quaye, Gargo, Nyarko, Akonnor, Johnson, Amposah, Addo, Razak eta Preko). Hark utzi zituen jokalari berrien itzalean Yanko, Yakubu eta Edusei. Hark jarri zituen Essin eta Appiah, Muntari eta Laryearekin zelai erdian, Mensah eta Kuffour elkarrekin atzean, Gyan, Amoah eta Boakye aurrealdean. Hark berreskuratu zituen Boateng, eta Otto eta Eric Addo.Hark egin du Ghana Afrikako Brasil.



Munduko Kopan ari direnen artean selekzio gazteena da Ghanakoa: 25 urteeta 42 egun, batez beste

Dujkovic entrenatzaileak gauzatu du iraultza Ghanan, ohikoak ziren jokalariak deialdietatik kanpora utzita





Brasil ezkutuan aritu da lanean, eta tentuz mintzo da Ghanari buruz

E. T.

Denen aurrean eta denentzat aritu da Brasil orain arte lanean. Parreira entrenatzaileak erreparorik gabe eman ditu hamaikakoak, baina ezkutuan aritu da azken egunotan. Aitortu du zergatik: «Ez naiz Ghanako frankotiratzaileez fio». Behin finalerdietara iritsita lasaiago ariko direla aurreratu dute -zuhurtasun seinaleak joan eta etorri dabiltza Brasilen-, baina final-zortzirenetako eta final-laurden- etako partidak tentsio handikoak izango direla iragarri dute. Gaur Ghanari aurre egiteko bi hamaikako ezberdin ateratzeko aukera du Parreirak. Gauza bat bakarra da segurua: Robinhok ez duela jokatuko -zaintiratua izan zuen larunbatean-. Japoniaren kontra aritzeko aldaketa asko egin zituen Parreirak, eta haiei eutsiko dien edo oraindik gehiago egingo dituen da gaurko zalantza nagusia.

Ghanak hutsune bat du nabarmena: Michael Essien. AEBen kontrako partidan bigarren txartel horia atera zioten Chelseako erdilariari, eta ez du gaur jokatzerik izango. Hura eta Appiah dira Ghanako bi zutabe nagusiak, eta nabaritu egin dezake taldeak. Ordainetan, hori bai, Asamoah Gyan berreskuratu du Dujkovic entrena- tzaileak aurrealdean aritzeko. «Essien munduko jokalari onena da bere postuan, baina Izar Beltzak talde bat gara, eta hori bakarkako jarduna baino garrantzitsuagoa da», esan du Dujkovicek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.