Garai batean bitxia zen afrikarrak Europako talde boteretsuetan ikustea. Orain, ostera, ohikoa da. Gainera, azken urteetako jokalari garestienetakoak afrikarrak izan dira: Drogba, Essien eta Diarra. Chelseak eta Real Madrilek sekulako dirutza ordaindu dute jokalari horiengatik. Eto'orekin batera, kontinenteko ikurrak dira horiek. Eta buru-belarri dihardute jokalarien eskubideak, eta, oro har, Afrikako herritarrentzat bizi- baldintza hobeak aldarrikatzen.
Afrikan goi mailako jokalariak anitz dira. Agintariak, ordea, ez dira haien mailara iristen. Zenbait federazio ohartu dira zer bide egin egin beharden munduko kopetan lehiakorrak izateko. Eto'o eta Drogbaren ustez, «pentsaeran, filosofian huts egiten dute agintariek». Haien iritziz, antolaketa kontua da. Talde batek lasaitasuna behar du onena emateko, eta Afrikan hori nekez gertatzen da. Kontzentrazioen baldintzei buruz gogoeta egiten dute Afrikako bi izarrek, jaso beharreko diru sariei buruz, eta abar. Zaleak hoteleko gelaraino iritsi izan direla diote, elastikoak eskatzera. Horretan, Europa eta Amerikarekin alde handia ikusten dute.
Izan ere, Kamerunek 1990eko Munduko Kopan, Nigeriak 1994an eta Boli Kostak 2006an edonor azpiratzeko moduko jokalariak zituzten. Baina zerbaitek huts egin zuen. Eskarmentuak ez ezik, antolaketa eskasak zapuztu omen zituen afrikarren ametsak.
Afrikan dena da posible. Hamaika bitxikeria daude Afrika Kopan. Abedi Pele inoizko jokalaririk onenetakoa izan da Ghanan. 1993an Europako Kopa irabazi zuen Olympique Marseillarekin, eta haren semea Ghanarekin ariko da. Hainbaten ustez txapelketa irabazteko hautagai sendoak dira Afrikako brasildarrak, Essien eta Stephen Appiah erdilari bortitzak gidari direla. Indar eta entrenatzaile faltagatik ez da izango. Ghana Afrikako futbolaren ohiko eredua da: Europan trebatutako jokalariak dira gehienak eta Frantziakoa dute hautatzailea. Claude Le Royk hamaika jira-bira egin ditu Afrikan zehar, Ghanaren aulkira iritsi aurretik. Kamerunekin irabazi zuen Afrika Kopa 1988an. Urte horretan bertan George Weah liberiarra begiz jo zuen, Kamerungo txapelketan ari zela, eta Monakoko entrenatzaile Arsene Wengerri fitxatzeko aholkatu zion. Hortxe hasi zen 1995eko urrezko baloiaren ibilbide paregabea. Afrikako kontuak dira.
FARAOIEN HANDITASUNA. Egipto gailendu zen aurreko ekitaldian, etxean jokatu zuen lehiaketan. Garaipenik gehien duen taldea da: bost titulu eskuratu ditu. Afrikan egitasmoei jarraipena ematea zaila da, eta, beharbada, egonkortasunaren alde egin izana da arrakastaren gakoa: Hassan Cheata hautatzaileak bost urte daramatza karguan. Afrikako Txapeldunen Ligan Al-Alhy taldea birritan atera da garaile azken urteotan, Abu Treka erdilari bikainaren gidaritzapean. Ahmed Hossam Mido aurrelari gorabeheratsua ez da Afrikako Kopan izango, min hartuta baitago, baina Hossam Hassan golegile mitikoaren hutsuneak arrasto sakonagoa utzi du. Egiptok distira berezia dauka; oraingo honetan, ordea, iparraldetik urrun ariko da, eta Afrika beltzean Ghana, Nigeria, Kamerun, Mali eta Boli Kostari aurre egitea latza izango da.
Kamerun tradizioz eta Boli Kosta edukiz dira Afrika beltzeko ordezkaririk dohatsuenak.Eto'o eta Drogbaren arteko lehia baino gehiago da. Beste bitxikeria bat: Kamerunen Song osaba-hilobak ariko dira elkarrekin. Rigobert Song eskarmentu handiko kapitaina da -1994ko Munduko Kopan parte hartu zuen- eta Alexandre hasiberria Arsenalen ari da. Rigobert Songek 17 urterekin egin zuen debuta lehoi menderaezinekin; Eto'ok, bestalde, 16 urte zituen Kamerunekin estreinakoz jokatu zuenean -1998ko Munduko Kopan aritu zen-.
Kamerunek arazo anitz izan ditu Afrika Kopa prestatzeko. Bertako federazioak gauzak ez ditu behar bezala antolatu, eta ikamikak izan dira jokalarien eta agintarien artean.
Boli Kostak ikaragarrizko baliabideak ditu. Drogba kapitaina anaia nagusia da, eta haren inguruan giharra eta talentua bor-bor daude. Toure anaiak aski ezagunak dira, Kolo eta Yaya; Tottenhamgo Didier Zokora euskarria ere itzela da; Emmanuel Eboue Arsenaleko eskuin hegaleko jokalaria zeresanik ez; Aruna Dindane eta Aruna Kone aurrelariak daude... Eta horiei txapelketan izar izan daitezkeen bi gazte gaineratu behar zaizkie. Europako klub garrantzitsuenek oso gertutik jarraitu beharko lituzketen bi jokalari dira: NdriRomaric euskarri bortitza eta Yao Gervinho eskuin hegaleko bizkorra. Bi horiek Frantziako Le Mans taldean ari dira.
Ulie Stielike alemaniarra zen Boli Kostako hautatzailea, baina kargua utzi behar izan du, semea larri gaixotu baitzaio. Haren ordez, Afrikako selekziorik gehienetan bezala, frantziar bat jarri dute: Gerard Gili. Bitxikeria gisa, Henri Michelen laguntzailea izan zen Boli Kostako selekzioan bertan Gili 2006ko Munduko Kopan.
Mali ere oso kontuan hartzeko taldea da. Oraindik fresko dago sailkatze fasean Togoko zaleen aldetik Maliko jokalariek jaso zuten eraso basatia. Zaleak muturrekoak baitira Afrikan: ohi baino gehiago miresten dituzte futbolariak, eta txarrenean ere grinak gainezka egiten du. Mali Frantzian hazitako jokalariz hornituta dago: Real Madrileko Mahamadou Diarra, eta Sevillako Seydou Keita zein Kanouterekin.
Nigeriak, Beninek, Malik eta Boli Kostak osatzen duten multzoa da txapelketako ikusgarriena. Lehiaketa hauetan gertatzen den legez, gaizki hasiz gero, talderik indartsuenek ahul bilakatzeko arriskua dute. Eredu gisa: Boli Kosta lasai asko atera daiteke txapeldun; baina lehen fasean kanpoan geratzeko arriskua ere badu, B multzo gaiztoan.
Ghana, Ginea, Maroko eta Namibia multzoak ere koska dauka. Etxeko taldea faboritoen artean egonda ere, lasai asko gera daiteke Maroko eta Ginearen atzetik. Atera kontuak.
ERAKUSLEIHO PAREGABEA. Maroko ezin arestian aipatutako taldeen itzaletik urrun ipini. Henri Michel ibiltariaren eskutik talde indartsua dute Atlaseko lehoiek, Bordeleko Marouane Chamakh, Nancyko Youssouf Hadji eta Anderlechteko Mbark Boussoufa erdilari talentudunarekin. Tunisia da, 2004ko txapelduna, iparraldeko beste taldea. Roger Lemerre dute hautatzaile duela sei urtetik, eta Etoile du Sahel da, Afrikako talderik onentsuenetakoa, selekzioaren oinarria.
Lemerre ez ezik, izen handiko beste bi hautatzaile ere izango dira Afrika Kopan: Carlos Alberto Parreira Hegoafrikan eta Berti Vogts Nigerian. Parreirak etxean jokatuko duten 2010eko Munduko Kopa behar bezala prestatu nahi du, eta Vogts alemaniarrak ez du lan samurra izango Nigeriaren garai bateko distira berreskuratzeko: Nwanko Kanu zaharra da selekzioko kapitaina.
Senegalen lana ere auzitan jarriko dugu, jokalari onez osatutako selekzio gorabeheratsua baita. Nigeriarekin batera, txapelketako zalantza nagusia da.
Jokalariak banan-banan hartuta, Gineako Pascal Feindouno, Senegalgo Mamadou Niang, Angolako Manucho aurrelaria -Manchester Unitedek fitxatu du-, Beningo Stephane Sessegnon erasoko erdilari bizkorra eta Razak Omotoyossi golegilea, Kamerungo Achille Emana eskuin hegaleko bortitza, Tunisiako aurrelari trebe Amine Chermiti... Hainbat jokalarik erakutsiko dute euren talentua Afrika Kopan.
Txapelketa koloretsua, alaia eta freskoa izango da, beti bezala, eta Afrikak bere seme kutunak besarkatuko ditu, kantu eta dantza artean.
2008Ko aFrIKaKo KoPa, GHanan
Lehen fasea (Urtarrilak 20-31)A MULTZOA B MULTZOA C MULTZOA D MULTZOA
Ghana Benin Kamerun Angola
Ginea Boli Kosta Egipto Senegal
Maroko Mali Sudan Hegoafrika
Namibia Nigeria Zambia Tunisia
Final-laurdenak (otsailak 3-4)
Finalerdiak (otsailak 7)
Finala (otsailak 10)
Azken irabazleak: Egipto 2006: Egipto. Tunisia 2004: Tunisia. Mali 2002: Kamerun. Nigeria-Ghana 2000: Kamerun. Burkina Faso 1998: Egipto.