Agertzen ez den erantzuna

Andoni Aretxabaleta arduratuta dago, partida erdi aldetik aurrera beherakada fisikoak izaten dituelako. Horien arrazoiaren bila ari da, baina ez du aurkitu. Txapelketa gogorra izaten ari da.

Imanol Magro Eizmendi.
2019ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Andoni Aretxabaletak (Markina-Xemein, Bizkaia, 1992) bertute handi bat du. Tira, ziur asko dituela, baina bat nabarmentzekoa da, gero eta ezohikoagoa baita kirol profesionalean: zintzotasunez mintzo da. «Ni ez naiz ezkutatzekoa; gauzak diren bezala esaten ditut, eta txapelketa honetan sekulako bizkarrekoa hartu dut. Tentu handiz prestatu nuen, uda amaiera polita egin ondoren, eta banekien Mikel Urrutikoetxea lagun handiarekin jokatzeko aukera handia nuela. Finalerdietan sar gintezkeela uste nuen, eta, gero, nire jokoa ez dudala egiten ikustea... Galdu edo irabazi egin daiteke, baina, gutxienez, itxura ona eman behar da, eta ezta hori ere. Lesio askotan baino atsekabe handiagoa hartu dut binakakoan». Eta Aretxabaletak ondo daki zer den min hartuta egotea.

«Arduratuta» dagoela onartu du, eta ez da gutxiagorako. Txapelketa ez da ona izaten ari, eta arazoa nahiko ondo zehaztuta du: «Partiden erdi aldetik aurrera, fisikoki behera egiten dut. Eskua puztu egiten da, bai, baina guztioi puzten zaigu; ez da horregatik. Hasieran, takoengatik zela uste nuen, baina aldatu ditut, eta berdin nago. Fisikoki ere ondo nago: entrenamendu oso gogorrak ondo bukatzen ditut hauspoz. Partidetan, baina... Hori da arazoa, beti 'baina' eta etenpuntuekin bukatzen ditut esaldiak».

Konponbidearen %50 arazoaren iturria aurkitzea da, eta horretan dihardu. Proba ezberdinak egiten ari da, fisikoak zein medikuarekin, eta sintomak aztertzen. «Partiden bigarren zatian, pilota ez zait irteten eskutik, txakalaldi moduko bat da... Ez dakit. Presioa-edo izan zitekeela pentsatu dut, baina lo-eta ondo egiten dut. Elikadura ere ez dut uste, nutrizionista bat dut. Ez dakit zer den, eta arduratzen hasia naiz».

Pilotari guztiek dituzte gorabeherak, baina txapelketan garesti ordaintzen dira beherakada horiek. Urrutikoetxea eta Aretxabaleta azken sailkatuak dira ligaxkan, bi garaipenekin. Atzelariak bere larruan nozitu ditu txakalaldien ondorioak. Txapelketako lehen jardunaldian, esaterako, Olaizola II.a-Albisuren aurka, 5-17 irabazten joan, eta 22-21 galdu zuten. Duela bi aste, aurkari berberen aurka, 12-10 irabazten hasi ziren, eta atzelariak behera egin zuen gero. Eta azken asteburu honetan, Laso kide zuela, 22-18 galdu zuten Ezkurdia-Galarzaren aurka, 4-11 irabazten joan ondoren. «Lehen partidakoak ez du zerikusirik, baina azken partidetan gehiago nabaritu dut».

Ez da erraza Aretxabaletak berezko duen umore ona galtzea, baina aurtengo oztopoek ernegatua dute. Txakalaldiaz gain, txapelketan eskuetako arazoak izan ditu, eta zauri bat egin zuen eskuan. Ez da zerbait berria, azken urteetan lesioak pilatu egin baitzaizkio, eta hauskor ospea hartu du. Hitz gogorra da, baina badaki hala dela. «Nire arazorik handiena hori izan da: beti izan dut zerbait. Ni, baina, lasai nago, ahal izan dudan guztia egin dut beti. Jarraitutasuna lortu izan dudanean maila polita eman dut, baina ez dut lortzen. Beti 'baina' hori».

Ez dabil oker, berak dioen bezala, «beti laguntzarekin», baina txukun aritu izan da Lehen Mailan. Horretarako ez dago 2014ra jo beharrik, Olaizola II.arekin jokatuta binakako txapeldunorde izan zen garaira. Urrunago joan gabe, uda honetan, sanmateoetako finalerako eta Elgoibarko torneokorako sailkatu zen, Altuna III.arekin. «Uda amaiera polita izan zen, eta enpresa ondo portatu zen, erakusleihoa eman zidaten. Sorbaldako lesioaren ondoren, indartsu nengoela sumatu nuen, lan handia egin baitut indartzeko, eta orduan ikusi nuen binakakoa jokatzeko aukerak izan nitzakeela».

Aretxabaleta eta lesioak, ordea, eskutik doaz. 2014az geroztik, pneumonia bat, bi ebakuntza eta tratamendu ugari izan ditu. «Guztiekin oroitzen naiz», esan du, umorez, zerrenda errepasatzen hasi aurretik. Finalaren ondoren, 2014an, eskuko mina izan zuen, eta uda hartan ia bi hilabete egin zituen geldirik pneumoniaren ondorioz. 2015eko binakakoan, eskuin eskuko hatz bateko polea hautsi zuen, eta, nahiz eta ebakuntza ez egin, Untoriari tokia utzi zion. Ordezko atzelaria txapeldun izan zen Bengoetxearekin.

2016ko azaroan, sorbaldako ebakuntza egin zioten Aretxabaletari, eta ezin izan zuen binakakoan parte hartu. 2017ko apirilean, beste ebakuntza bat, eskuin eskuko A1 polean, orduan bai, eta berriz ere geldirik. 2018ko binakakorako ez zuten hautatu, baina ordezko moduan lau partida jokatu eta laurak irabazi zituen Urrutirekin. Tarte horretan, gutxitan bezala gozatu zuen, baina motza izan zen. Iruñeko partida batean gihar etena egin zuen besapean, dortsalean: sei zentimetro, eta bost hilabete eta erdi geldirik. Atzelariak, partida hura bukatu, eta irabazi egin zuen.

Larunbatean, Markinan jokatuko du, bere herrian, eta, printzipioz, Urrutikoetxearekin —bestela, Lasok ordezkatuko luke—. Azken hiru urteetako txapelketetan ezin izan du etxean jokatu, eta aurrenekoz ariko da 2015az geroztik. Hor du burua orain. «Herrikoen aurrean ondo jokatu nahi dut, ondo bukatu, irudi ona eman, eta konfiantza hartu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.