Opor egun batzuk hartu ditu Jose Angel Sodupek (Irun, Gipuzkoa, 1958). Hala ere, azkar zehaztu du opor hitza esatea ere «asko» dela, are gehiago taldeak maila galdu duela kontuan hartuta. «Datorren sasoiari begira hasiak gara lanean». Denbora daramate horretan, orain «hiru aste pasatxo» galdu baitzuten itxaropena mailari eusteko. Bidasoako lehendakariak argi du: «heriotza iragarritako baten kronika izan da» Irungo taldearena.
Egun batzuk pasatu dira Bidasoak maila galdu zuela jakin zenetik. Mina arinduz doa?
Kolpea fresko dago, baina, egia esan, aspaldi genuen barneratua taldeak ia ezinezkoa zuela mailari eustea. Ezustea izan zen joan zen igandean gertatzea, inor gutxik espero zuelako Puente Genilek Granollersen irabaziko zuenik. Baina, tira, inoiz iritsi behar zuen egunak. Heriotza iragarritako baten kronika izan da.
Noiz esan zenion zeure buruari: «Gureak egin du».
Artalekun Cuencaren aurka galdu genuen egunean [martxoaren 29an jokatu zen partida hura]. Ezinbestean irabazi beharreko partida zen, eta galdu egin nuen. Gelditzen zitzaizkigun partidak aztertuta, ikusi genuen oso-oso zaila izango zela mailari eustea.
Lau partida falta dira oraindik jokatzeko, baina jada egin daiteke sasoiaren balorazio bat. Zein da zurea?
Taldeak ahal duena egin du, baina ez da izan inondik inora nahikoa. Sailkapena ikusi besterik ez dago. Irabazi beharreko partidetan huts egin dugu. Presioak itota aritu gara askotan, eta horrela ia ezinezkoa da ezer onik egitea.
Taldeak espero zenuena eman du?
Ez. Ezin diogu inori ezer leporatu, baina ezin dugu ezkutatu taldeak uste genuena baino lan eskasagoa egin duela. Ez da ondo aritu, edo ez behintzat guk uste bezala. Hasieran partida dezente galdu zituen azken minutuetan, eta gol gutxigatik. Hori normala da, kosta egiten baita koska bat goragoko maila batera egokitzea. Baina, gero, gora egin beharrean behera egin du, eta hori da ez duguna ulertzen. Zer gertatu den hausnartu behar dugu, zertan huts egin dugun aztertu. Orain da hori egiteko garaia.
Arrasto batzuk izango dituzue.
Adibidez, nik uste dut eskarmentu faltak kondenatu gaituela. Jokalariek sekulako ilusioa eta gogoa dute, baina horrekin bakarrik ez dira irabazten partidak, ez behintzat Asobalen gisako liga indartsu batean. Azeri zaharra izan beharra dago, eta gu ez gara inoiz izan, taldean azeri zaharrik ez zegoelako. Hala ere, horretan guk ere badugu errua, guk, zuzendaritzak, kirol arduradunek eta entrenatzaileak egin genuelako taldea. Guk egin genuen jokalari gazteen alde. Gertatu denak argi utzi digu uste genuena baino jauzi handiagoa dagoela Ohorezko B Mailaren eta Asobal ligaren artean. Agian baikorregi izan ginen Asobal ligan aritzeko gonbidapena onartuta. Asobal ligaren mailak behera egin du, baina oraindik handia da, eta beste estilo bateko talde eta jokalariak behar dira, eta, guztiaren gainetik, gauzak oso ondo egin. Hori egin ezean, oso zaila da irabaztea. Horregatik ere, ziur naiz sasoi hau baliagarria izango dela guztientzat, jokalari, entrenatzaile, ordezkari eta zaleentzat.
Sasoia nola joan den ikusita, Asobal ligan aritzeko gonbidapena onartu izanaren damua duzue?
Ez. Horretan oso argi dugu egin behar genuena egin genuela. Aukera bikaina zen, eta ezin genuen aukera hori pasatzen utzi. Gainera, ez zen izan itsu-itsuan hartutako erabaki bat, ondo hausnartutakoa eta mahaian aldekoak eta kontrakoak aintzat hartutakoa baizik. Gure lehentasunari leial izaten jarraituko dugu: zorra kitatzen jarraituko dugu. Espero dugu datorren urtean zor guztia ordaintzea.
Irunen apalduta zegoen eskubaloiaren harra suspertzeko balio izan du behintzat sasoi honek.
Bai, horregatik bakarrik merezi izan du. Ederra izan da Artaleku berriz ere beteta ikustea. Ikusle gehien egon diren pabiloietako bat izan da gurea, nahiz eta apenas irabazi dugun partidarik. Ez dut pentsatu nahi nola izango zen gorago egon izan bagina. Ilusioa berreskuratu da, eta hori berri bikaina da. Olatu hori aprobetxatu behar dugu, ez dadila olatua apaldu. Irunen, Gipuzkoan eta Euskadin berriro erreferente bat izateko borrokatu behar dugu.
Eta orain zer? Hasi zarete datorren sasoirako prestatzen?
Bai. Asteak daramatzagu lan horretan.
Asobal ligan edo Ohorezko B Mailan jokatzeko?
Gu Asobal ligan jokatzeko taldea ari gara osatzen. Gero ikusiko dugu zein mailatan jokatuko dugun, baina, gaur-gaurkoz, gure lehentasuna da Asobal ligan lehiakor izan daitekeen talde bat egitea. Gero Ohorezko B Mailan jokatzen dugula? Bada, goi-goian ibiltzeko taldea izango dugu, urtebetean-edo berriro mailaz igo daitekeena.
Baduzue itxaropena Asobal ligan jokatzeko? Talderen batek maila nagusiari uko egingo dion susmoa duzue?
Zurrumurru asko daude. Espainiako Federazioko eta Asobaleko jarraipen batzordeak lan dezente izango du, eta espero dugu aurreko urteetan ez bezala aurten erabakiak garaiz hartuko dituztela.
Adibidez?
Egun jakin bat jarri behar da, eta, egun horretarako talderen batek etxeko lanak egin ezean, talde hori lehiaketatik kanpo utzi eta etxeko lanak ondo egin dituen bati aukera eman. Sasoi honetan gertatutakoa da horren adibide. Egon da klub bat [Aragoi taldeaz ari da] abendura arte soldatak ordaindu zituena, baina Gabonak iritsi aurretik iturria itxi zuen, eta beste talderen batekin fitxatzeko aukera eman zien jokalari guztiei. Ordurako hamalau puntu zituen lortuak, eta esku-eskura salbazioa. Hori onartezina da. Halakoek lehiaketa faltsutzen dute. Guk hilero ordaintzen dugu, eta duguna baino gehiago gastatzen ez dugulako du taldeak duen maila. Federazioko eta Asobaleko kide naizen aldetik, horrelakoak gerta ez daitezen jarriko ditut indarrak. Jubenilekin jokatu behar badugu, jokatuko dugu, baina guztiok jokatuko dugu.
Fernando Boleak jarraituko du taldea entrenatzen?
Bai. Kontratua du, eta, gainera, oso pozik gaude egin duen lanarekin. Bere garaian oso ausarta izan zen jokalari hauekin atrebitzen zela esanez. Guk gurekin segitzea nahi dugu, urte askoan, gainera.
Jose Angel Sodupe. Bidasoako presidentea
«Agian baikorregi izan ginen Asobalen gonbita onartuta»
Sodupek aitortu du «kolpe gogorra» izan dela jada mailari eusteko aukerarik ez izatea sasoia amaitzeko oraindik lau partida falta direla. Hala ere, zehaztu du «aspaldi» zuela hori barneratua. Taldeak «gehiago» egin zezakeela dio, baina autokritika ere egin du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu